Atzo abiatu zuten KAE 1 Liga, Deustuan, Bilbo 716. Urteurrena Banderarekin. Ondarroa nagusitu zen, 19:56,42 denborarekin, eta atzetik Getaria, 20:07,50 denborarekin. Orio 8. postuan sailkatu zen, 20:33,80 denbora eginda, eta bi postu atzerago, 10.an Zarautz, 20:56,64 denborarekin.
Gaur, berriz, San Miguel Ligaren barruan Euskadi Basque Country Bandera jokatu dute. Sevillan izan da estropada, 12:00etan hasita. Zumaiak lehen txandan jokatu du, eta Portugaleterekin lehia estua izan du. Lan erditan bi traineruak pare-parean ibili dira, baina hirugarren ziabogan Portugaletek aurrea hartu dio traineru gorriari, eta txandan laugarren postuan sailkatu da eskualdeko trainerua.
Oriok ohorezko txandan jokatu du San Miguel Ligako lehen estropadan, baina ez du lortu lehen postuetan sailkatzerik. Estropadaren lehen zatian Hondarribia, Urdaibai, Orio eta Kaiku lau segunduren bueltan ibili badira ere, Hondarribiak aurre hartu du eta Orio atzean geratu da. Bigarren txandan jokatu dutenak ere traineru horiak baino denbora hobea egin dute eta sailkapen nagusian 9. egin du Oriok (19:39,40) eta 12. Zumaiak (19:58,52). Hondarribia nagusitu da, 19:22,86 denborarekin.
Estropadako ezustekoa Astillerok eman du, lehen txandan atera eta aurrekalariari arraun txikia apurtu bazaio ere, sailkapen nagusian hirugarren postua lortu baitu Hondarribia eta Urdaibairen atzetik.
Emakumezkoen traineruek, Getaria-Zarautzek barne, arratsaldean abiatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga. Hondarribian izango dute estropada, 17:00etan.
KAE 1 Ligako sailkapena