Milioi eta erdi euro bideratuko ditu Aldundiak Gipuzkoako hondartzak garbi mantetzeko

Aritz Mutiozabal 2016ko eka. 16a, 13:38

Hilabete honetan zehar Hondartzen Lurralde Mahaia eratuko dute, eta bertan hartuko dute parte kostaldeko udalerri guztiek, Aldundiak berak eta Salbamendu eta Sorospen Federazioak.

Aldundiko Ingurumen zuzendari Felix Asensio, Zarauzko alkate Xabier Txurruka. Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio eta Udaleko Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal) Gipuzkoako hondartzen denboraldiko garbiketa eta mantenua aurkeztu dute gaur goizean, Zarauzko malekoian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak milioi eta erdi euro bideratuko ditu Deba, Orio, Getaria, Hondarribia, Zarautz eta Zumaiako hondartzak txukun mantetzera. Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren adierazi duenez, "berezi egiten gaituen elementua da hondartza, erreferentzia turistiko bat, lurraldeko ekonomiaren motorra. Ingurumen balio nagusietako bat da kostaldea eta, horregatik, gure hondartzen ekosistemak babesteko eta kontserbatzeko ekintzak sustatzen ari gara". Aurtengo udan 26-30 pertsona ariko dira lanean eguneroko martxan aipatu hondartzetan, eta, besteak beste, hondakinak gaika bitzeaz eta hondartzak berdintzeaz arduratuko dira. Horretarako, 20 bat makina espezializatu erabiliko dituzte. Iazko udan 423 tona hondakin jaso zituzten; horietatik 380 tona solidoizan ziren, eta 43 tona ontzi, hain justu ere. Aurten, gainera, zortzi web kamera izango dira hondartzetan. Zarautzen eta Deban lehendik zeuden, eta gainerako sei berriak ekainean jarriko dituzte ondorengo hondartzetan: Zumaiako Itzurunen, Getariako Malkorben, Orioko Antillan, Hondarribikoan, eta Mutrikuko Saturraranen eta Portuko hondartzan. Ingurumen departamentuaren webgunean izango dira ikusgai, hainbat informazio osagarrirekin: eguraldia, itsasoaren egoera eta abar.

Hondartzen Lurralde Mahaia

Hondartzen kudeaketa integral bat bultzatzen ari da Ingurumen departamentua, uraren, hondarraren eta hareatzetan ematen diren zerbitzuen kudeaketa egokia bilatu asmoz. Hori horrela, hilabete honetan zehar Hondartzen Lurralde Mahaia eratuko dela azaldu du Asensiok, eta bertan hartuko dute parte kostaldeko udalerri guztiek, Aldundiak berak eta Salbamendu eta Sorospen Federazioak. Mahaiaren helburua izango da natur inguruneari errespetua izango dion kudeaketa sistema bat ezartzea, erabiltzaileek hondartzen kalitateaz gozatzeko aukera izan dezaten. Zarauzko hondartzak herriarentzat garrantzia handia duela nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, eta "eskertzen diogu Aldundiari urtero egiten duen ahalegin berezia gure hondartza garbi egon dadin lehen ordurako". Zarauzko Udalak EMAS ziurtagiria dauka, eta ziurtagiri horrek hondartzaren kudeaketa integrala babesten du. "Horretarako, guretzat oso inportantea da gure hondartzak kalitate estandar guztiak betetzea, eguneroko garbiketa bermatuta egon dadin eta ondoren guztiok hondartzaz gozatu dezagun".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide