Estropadak hastear dira

Urola Kostako Hitza 2016ko ekainaren 15a

Zumaiako traineruak Portugaleten lortu zuen iaz San Miguel liga jokatzeko txartela. (Klausser) Asteburuan hasiko da ofizialki 2016ko traineru denboraldia. Igandean, eguerdian, San Miguel Ligako taldeek Sevillan Guadalquivirreko uretan izango dute hitzordua. Ligako lehen estropadak formato berezia izango du, izan ere, binakako erlojupekoa jokatu beharko dute arrauneko taldeek. Irteerako ordena aurreko urteko San Miguel Ligako sailkapenaren arabera zehaztuko dute. Sevillan IV. Euskadi Basque Country Bandera jokoan izateaz gain, sailkapenean ahal den posturik onena lortzen saiatuko dira taldeak, hor lortutako emaitzen arabera txanda batean edo besteak lehiatu beharko baitute traineruek hurrengo estropada. ORIO Orioko entrenatzaile Joxean Olaskoaga Aizperrok argi du aurtengo helburua: «Ligako lau onenen artean lehian izatea da, ohorezko txandan sailkatu eta maila ona ematea. Izan ere, lehen postutik gertu dabilenak beti izaten du bandera irabazteko aukeraren bat. Arraunean faktore askok eragiten dute: kaleak, haizeak, eta lehen postuetan ibilita horietaz aprobetxatzea errazagoa da». Taldeari dagokionean gogotsu ikusten ditu arraunlariak. Aurten oriotarrek ez dute trainerilletan jokatu eta « lehiatzeko ilusioz eta irrikaz daude» aitortu du entrenatzaileak. «Nahiko luzea egin zaigu neguko prestaketa lana. Hilabete asko daramazkigu entrenatzen, ia lehiatu gabe, eta mutilak nekatu egiten dira, normala da». Aurten, gainera, gazteen aldeko apustua egin du Orio Arraunketa Taldeko traineru nagusiak. Lau-bost gazte igo dira harrobiko trainerutik talde nagusira eta ziklo berri bat abiatu dutela adierazi du Aizperrok. «Arraunlari beterano asko gaude eta taldea berritzea tokatzen da hurrengo urteetan. Bide horretan, ezinbestekoa da gazteei aukera ematea eta ateak ireki behar dizkiegu horiek erreleboa hartu dezaten». Aizperrok berak ere ilusio handiarekin hartu du erronka berria. 2006-2010 denboraldietan etxeko taldea entrenatu ostean, Portugaleteko taldea entrenatu zuen eta azken urtean San Pedron arraunean aritu zen oriotarra. «Arrauna uzteko asmotan nengoen eta etxetik proposamena jasotzeak poz handia eman zidan. Disfrutatzen ari naiz berriz ere etxeko elkartean lanean». ZUMAIA Zumaiako Telmo Deun traineruak iaz lortu zuen TKE ligara bueltatzea. 2006tik 2013ra bitartean aritu zen traineru munduko maila gorenean. 2013an, baina, maila galdu zuen. KAE 1 mailan igarotako bi urteetan goiko postuetan ibili zen eta iaz, play off-a irabazi ondoren, San Miguel ligara itzultzea lortu zuen. Hastear den denboraldiari begira arraunlari taldea hein handi batean mantentzea lortu dute Zumaian. «Lortu da taldea eustea, eta hori gauza handia da». Ez dela oso normala ere azaldu dute klubeko ordezkariek. Bajak bost izan dituzte, horien artean aurten KAE 2ko ontzia entrenatuko duen Josu Osa. Altak, aldiz, zazpi dituzte. Horietatik hiru arrauna utzi eta berriro bueltatzea erabaki dutenak dira; Karlos Mendizabal Lezoko arraunlaria ere Zumaiarekin arituko da denboraldi honetan. Hondarribia eta San Juan bezalako klubetan ibilia da eta hura etorri da hona, proiektua interesatzen zitzaiola eta Zumaiarekin arraun egin nahi zuela esanaz. San Miguel Ligako eta KAE 2ko ontziak batuta, 35 bat mutil izango dira Patxi Frances entrenatzailearen agindupean. Bere hirugarren urtea du Zumaian, eta, aurrekotan bezala, Rafa Gonzalez de Txabarri izango du prestatzaile fisiko lanetan. Zumaiako traineru nagusiaren helburua maila mantentzea da, eta atzean bi ontzi uztea. KAE 2 ligan ere trainerua aterako du aurten Zumaiak. Josu Osa izango da hauen entrenatzailea. Ontzi honen lana arraunlariak «formatzea» dela diote, harrobi lana egitea, alegia. Zumaian hazi eta hasitako jendeak osatzen du taldea. «Oso garrantzitsua da ontzi hau izatea, aukerak ematen dituelako».

Bandera ugari irabazi zituen Getariak iaz KAE 1 ligan. (Klausser)

Gaztetasuna ate joka beheko mailetan

Bilbo 716. Urteurrena Banderaren lehiarekin abiatuko dute KAE 1 Liga, larunbat honetan. Bilbon jokatuko da, Deustuan, banakako erlujopekoan, 17:00-etan hasita. Iaz eskualdeko lau traineru izan ziren, baina Zumaiaren igoeraren ondoren, aurte hiru izango dira: Getaria, Zarautz eta Orioko bigarren taldea, hain zuzen ere. GETARIA Denboraldi aurrekoa eta entrenamenduak kontuan hartuta Getariako trainerua aurten ere aurrean ibiltzeko moduan izango dela uste du Gorka Etxeberria entrenatzaile eta arraunlari getariarrak: «Azkenengo estropadan gustura ibili ginen eta iruditzen zait aurrean ibiltzeko aukera izango dugula». Hala ere, uda osoa aurretik dutela dio. Gutxi gorabehera iazko arraunlari taldearen «bloke nagusia» mantentzen dutela esan du Etxeberriak: «Hiru baja izan ditugu, baina lehen arrauna utzitako arraunlari batzuk itzuli dira eta beste gazte batzuk igo zaizkigu jubeniletatik». Azken bi denboraldietan KAE 1 ligako txapelduna izan da Getariako trainerua, baina play off-etan gora igotzeko aukera galdu dute bietan. «KAE 1en liga irabazteagatik dagoen saria eskasa da, normalena izango litzateke, beste kiroletan bezala, liga irabazteagatik zuzenean igotzeko eskubidea izatea. Baina, kasu honetan, play off-a jokatu beharra dago, eta liga irabazi eta igotzea ez bada lortzen denboraldiko sentsazio gazi-gozoa izaten da». Liga irabaztea gauza inportantea dela dio Etxeberriak, eta are gehiago bi aldiz segidan garaile izatea. «Hori guztia baloratzen jakin behar dugu, gainera Getaria bezalako herri txiki batean horrelako gauza bat egitea oso inportantea delako, nahiz eta gero play off-ean ez lortu TKEra igotzea», nabarmendu du. Aurtengo denboraldiko helburua «goian» egotea dute. «Estropada asko dago aurretik eta lehenbizi aurreneko sei estropada ikusi beharko dira dagoen maila ikusteko. Gero, lana estropadaz estropada egin beharko dugu, estropada batean edozein txorakeria nahikoa delako dena izorratzeko». Denboraldi aurrekoa ikusita, hainbat talde ikusten ditu goian ibiltzeko aukeran: Getariaz gainera, Lekeitio, Deustua, Donostia eta Ondarroa. ZARAUTZ Aldaketa handiak izan dira Zarauzko Arraun Elkartean. Iazko denboraldia «ziklo baten amaiera» izan zela ikusita, Iñaki Mendizabal entrenatzailearekin ez jarraitzea erabaki zuten. Horrez gain, esperientziadun hainbat arraunlariren bajak izan dituzte. «Iaztik hona 25 urtetik gorako ia arraunlari guztiek utzi egin dute, eta aurten oso arraunlari oso gazte eta esperientzia gutxikoekin hasi dugu denboraldia», azaldu du ZAEko batzordekide eta patroi Gaizka Garmendiak. Joera horren aurrean, gazteekin ohitua zegoen entrenatzaile bat bilatu nahi izan dute, eta ardura hori Anjel Larrañaga tolosarrari eman diote. «Maila mantetzea da aurtengo helburua, eta ahal izanez gero, iazko emaitzak errepikatzea eta hobetu baldin badaitezke, hobetzea ere bai. Momentuz, lan zaila izango dela ikusten dugu, baina lehian hasi arte ikusteko dago», adierazi du ZAEko kideak. Aurten ere, iaz bezala, aurkari zuzenak Sartuntzi eta Orio B izango direla uste dute. «Zortzigarren eta bederatzigarren postuan aritzea espero dugu». ORIO B Iñaki Errastik hartu du aurten Orio B taldearen gidaritza, eta oso gustura dago arraunlarien jarrerarekin. «Talde gaztea da, eta ilusioz beteta daude». Infantil mailatik nagusien mailara pasatzea «salto handia» izaten da haientzat, eta arraunlariek traineruan esperientzia hartu dezaten B taldean aritzen dira Orion. Horregatik, «gazteek traineruan trebatu eta lehiakortasuna lantzea» da Orio B taldeak duen helburua. Horrez gain, ligari begira KAE 1 ligan lan txukuna egitea gustatuko litzaieke. «Elkartearentzat oso garrantzitsua da B taldea liga horretan mantentzea, maila oneko taldeak biltzen ditu KAE1 ligak, eta hori garrantzitsua da arraunlarien formaziorako. Iaz bederatzigarren sailkatu zen, eta aurten sailkapenean aurrerago ibili nahiko genuke».   Getaria-Zarautz trainerua Mutrikuko estropadan. (Klausser)

Helburu nagusia, Eusko Tren Ligarako sailkatzea

Emakumezkoen traineruek ere igandean abiatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga. Hondarribian izango dute estropada, 17:00etan hasita. Denera 14 jardunaldi jokatuko dituzte abuztuaren amaiera bitartean, eta Eusko Tren Liga jokatzeko sailkatzen diren taldeek bi txapelketak uztartuko dituzte denboraldian zehar. Aurtengo denboraldian eskualdean bi izango dira uretara aterako diren emakumezkoen traineruak: Getaria-Zarautz eta Orio. Zumaiak ez du ordezkaritzarik izango, azken urtetan goi mailan ibili ondoren, aurten ez baitute nesken trainerua osatzerik lortu. Orioko eta Getaria-Zarautz traineruak liga hasteko irrikaz daude. Dena dela, oriotarrek Eusko Tren Ligarako sailkatzea dute helburu. Uztailaren hasieran jokatuko dituzte lehen bi estropadak, sailkatze probak direnak; Donostian eta Orion, alegia. San Juan jada sailkatuta dago, iazko txapelduna delako, eta hiru plaza egongo dira jokoan. Oriotarrek, iazko taldearekin alderatuta, bederatzi baja izan dituzte eta arraunlari gazteak gehitu dira taldera; Santi Zabaleta entrenatzailearen esanetan aurtengo helburua arraunlariek lehiatzen ikastea da. «Guk hobetzeko asko dugu oraindik, gurea talde gaztea da, eta prozesu bat pasatu behar izaten da maila hartzen joateko. Arrauna talde lana da, eta pixkanaka joanda eta gogor lana eginda emaitzak lortzen dira», adierazi du Zabaletak. Getaria-Zarautz ere EuskoTren Ligara begira ari da lanean. «Badakigu sailkatzea helburu zaila dela, baina iaz baino eskuragarriago izan dezakegula uste dut», jakitera eman du Eneida Etxabe entrenatzaileak. Iaz ez zeukaten helburu hori, baizik eta «ikastea eta ahalik eta ondoen aritzea». Aurten ere ikuspegi bera dute, baina «ahal bada gorengo mailan lehiatu nahiko genuke». Oro har, iazko arraunlari multzoa mantendu dute. Aurten, ordea, prestatuago daude, esperientzia gehiagorekin, eta hobetzeko lanean ari dira. Gipuzkoako Ligan «gerra eman» nahi dutela azaldu du Etxabek. Bi bandera irabazi zituzten iaz, «Eusko Treneko lau traineruek ez zituzten jokatu bi estropada horiek, baina oso polita izan zen guretzat. Egiten ari ginen lanaren aitortza». Pizgarri izan zirela nabarmendu du entrenatzaile getariarrak. «Nik sinatuko nuke Eusko Tren Ligan sailkatuko ez bagina, horrelako zerbait lortzea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide