Urola Kostako herrietako Gure Esku Dago taldeetako ordezkariak Azpeitian (Hitzartu).
Urola Kostako hainbat herritako Gure Esku Dago taldeetakoak izan dira gaur Azpeitian. Haietan erabakitzeko olatura gehitzeko prestatzen hasi dira. Esaterako,
Zumaian atzo arratsaldean egin zuten Adierazpen Eguna, Gernika parkean bilduta. Zumaian herri galdeketa datorren udaberrian egingo dutela adierazi zuten.
Getarian ere galdeketa datorren udaberrian egingo dute azaldu zuten atzo galdeketaren alde ateratako argazki erraldoian.
Ekitaldia bukatu denean, hitzorduan bildu diren norbanakoak argazkira gehitu dira eta familia argazki erraldoia atera dute. (Aiora Larrañaga/Hitza)
https://youtu.be/FkHiFB4njbc
Zumaiako Gure Esku Dagokoen adierazpena:
"Haize goxo batek bildu gaitu luzaroan, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriak, eta olatu eder bat dakarkigu orain: eskubide hori gauzatzen hastea.
Bihar, erabakitzeko lehen olatua hartuko dute 34 herrik. Goierrin, Debagoienan, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren 150.000 lagunek aukera izango dute, lehenbizikoz, esateko ea nahi duten izan euskal estatu independente bateko herritar, edo ez; ea nahi duten izan euskal estatu subirano bateko herritar, edo ez; edo nahi duten izan euskal estatu burujabe bateko herritar, edo ez.
Horregatik bildu gara hemen gu ere: olatu bat hartzera goazelako. Gaur hemen elkartu garenok erabaki egin nahi dugu eta olatu horretara batzen joango gara. Erabakiaren bidea herritarrok egingo dugu. Erabakia gurea da eta olatua gu izango gara.
Guk izango dugu hitza. Hemen bizi garen guztiok, era guztietakook, bertan jaioak garenok eta kanpotik etorritakook, abertzaleok nahiz ez abetzaleok, ezkerrekook zein eskuinekook, ideologia, jatorri, sentimendu eta proiektu desberdinetako lagunok.
Erabakitzeak egiten gaituelako herri; elkarrizketari begira jarrita, elkar onartzeak eta elkar errespetatzeak. Guk erabakiko dugu, aurrenekoz, zer izan nahi dugun.
Beraz, guk nahi dugulako eta horretarako eskubidea badugulako, erabakia gauzatzeko adostasunak eraikitzen ari gara. Datorren udaberrian gu ere galdeketa egitera goaz"