https://www.youtube.com/watch?v=y14zlmAu1EE
Ekainaren 4an, zapatua, hasiko dira bisitariei
Bost geltoki historian produktua eskaintzen, eta gaur egin dute abenduaren 8a bitartean martxan izango den egitasmoaren aurkezpena; izan ere, hainbat berrikuntzarekin dator eskaintza turistikoa. Loiolako turismo bulegoan egin dute aurkezpena, eta han izan dira Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Zestoako alkate Josetxo Mendizabal eta Zumaiako alkate Oier Korta, Basque Tourreko zuzendari Arantza Madariaga eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleria.
Bost geldialdi historian egitasmoak kultur eskaintza zabala eskainiko die bisitariei, hala nola Zumaiako Algorri Naturaren Ezagutza Etxea, Zestoako Ekainberri museoa eta Lili Jauregia eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa eta Loiolako Santutegia bisitatu ahalko dituzte. Aurten, aurrenekoz, familiei zuzendutako eskaintza berezia osatu dute, "familia turismoa indartzeko": "Geroz eta familia gehiago etortzen da umeekin zer plan egin ditzaketen galdezka, eta, horregatik, eta familia turismoak etorkizuna duela uste dugunez, plan berezia jarri dugu martxan". Horrez gain, turismoak duen garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean izan diren ordezkari guztiek.
Eskuorriak atera dituzte bisitariek eskualdeko bost guneen gaineko xehetasunak-eta jaso ditzaten, eta "kutsu pedagogikoa" dutela horiek esan dute. Eskuorri horiek Loiolako, Zestoako eta Zumaiako turismo bulegoetan eskura daitezke, eta baita bost geltokietan ere. Lehen geltokiko bisitaldian umeei emango zaizkie eskuorri horiek, eta gainerako geltokietan ez dute sarrerarik ordaindu beharko.
Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez,
Bost geltoki historianen helburua da
"denboraldi altuez aparteko garaietan ere turismoa erakartzea, eta turisten fidelizazioa lortzea". Fidelizazioa lortzera bidean, zozketa bat jarriko dute martxan. Parte hartzeko bost geltokietako batean ateratako argazki bat bidali beharko dute bisitariek
5geltoki@urolaturismo.eus helbide elektronikora. Urte bukaeran zozketa egingo dute jasotzen dituzten argazki guztien artean, eta irabazleak bailaran igarotzeko asteburupasa irabaziko du.
Bost geltoki historian egitasmoa sustatzeko bideo bat egin dute Yuri Agirre eta Xabier Otamendi azpeitiar kazetariek.