Guztiek dute euren txokoa

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 31

Geroz eta gehiago dira euren informazioa zabaltzeko askotariko hedabideetako komunitateetan gune propioa duten eragile eta norbanakoak.

Baliabide teknologikoak garatzen doazen heinean, informazioa jaso eta elkarbanatzeko gaitasuna hedatuz doa. Egun edonork parteka dezake informazioa eta ziztu bizian zabalduko da, besteak beste, sare sozialei esker. Hori jakinda, komunikabide batzuk albisteak emateaz gain, norbanako eta eragileei  euren txokoa eskaintzen diete zuzenean berriak sareratzeko. Eskualdean, Zumaiako Baleike, Azpeitiko Uztarria eta Orio eta Aiako Karkara webguneak izan ziren aitzindariak. Horiek izandako arrakasta ikusita, eta haien funtzionamendua oinarri hartuta, martxoan ekin zion bidea Zarauzkohitza.eus webguneak, komunitate betearekin. Egun hainbat dira gailu horretaz baliatzen direnak. Herriko kirol taldeek, kasu, kirol egitarauaren zein partidetako emaitzen berri ematen dute, eta baita horien kronika eta argazkiak gehitu ere. Gizarte taldeek esku artean dituzten proiektuen berri ematen dute; horren adibide da Hotz Zarautz. Alderdi politikoak, ZarautzOn, Murkil, Jalgi... asko dira  Zarauzko Hitzaren komunitatean txoko propioa dutenak. RSS bidez ere funtzionatzen du. Hau da, eragileek euren ohiko kanal eta atarietan publikatutakoa isuri egiten dira komunitatera. Hala gertatzen da Putzuzulo, Arraio eta Zarauzko Eskubaloiarekin, besteak beste. Horrek guztiak, aldi berean, lagundu egiten dio komunikabideari, osagarri gisa, herriko informazio osatuagoa izaten.

Beste komunitateak

Uztarria.eus. Kideek eta erabiltzaileek osatzen dute Uztarriako komunitatea. 322 dira guztira, eta Iraurgi eta Kultur Mahaia dira aktiboenak, besteak beste. Karkara.eus. Ia 100 talde, sinadura eta kolaboratzaile daude hedabidearen komunitatean. Danbolin.eus. 20 kide ditu bertako komunitateak eta futbol taldeak zein Fernando Arzallus dira erabiltzaile ohikoenak. Baleike.eus. Karkarak moduan, taldeek, sinadurek eta kolaboratzaileek osatzen dute Baleikeren komunitatea, ia 200 parte-hartzailek. Tartean, Pulpo eta futbol taldea nabarmentzen dira. Maxixatzen.eus. 100dik gora sinadura eta talde ditu Maxixatzenek. Anaitasuna eta Xeye dira gehien erabiltzen dutenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide