Udazkenean jarriko dute martxan Urola Kostako Udal Elkarteak eta Iraurgi Lantzenek. Parte-hartzaileen trebetasunak, jakintza eta zaletasunak kontuan izango ditu programak
Udazkenetik aurrera Urola Kostako Udal Elkarteak eta Iraurgi Lantzenek Txertatu Merkatuan proiektua martxan jarriko dute. Ekimenaren helburua prestakuntza maila baxua duten gazteei lan merkatuan sartzen laguntzea da, eta ikasketak utzi dituzten edo urte betetik gora langabezian dauden 16-30 urte bitarteko gazteei zuzendua dago.Urola Kostako Udal Elkartetik ohar bidez jakinarazi dute programa berritzailea dela, «parte-hartzaileen jakintza, trebetasunak eta zaletasunak hartzen ditu oinarritzat haien jakintza egituratzeko eta lan profila eraikitzeko». Ildo horretan, pertsona bakoitza motibatzea lortu eta autoestimua areagotu nahi dute. Horretagatik, proiektuan erabiliko den metodologia ez da ohikoa izango.
Programa bi fasekoa da
Proiektuak bi atal ditu. Lehen fasea, Egokitu izango da; hau gizarteratzeko eta lan aktibaziorako laguntza prozesuaren hasiera izango da, eta parte-hartzaile bakoitzak egunero egiten dituen jarduerak identifikatuta lan profil bat eraikiko dute.
Bigarren fasea, Trebatu izango da, eta bertan lan errealitatea ezagutzeko lehen urratsa egingo dute. Horretarako hiru ekintza mota prestatu dituzte, eta horietako batean parte hartu beharko dute gazteek.
Alde batetik, tailer erdi produktiboak, oinarrizko gaitasun profesionalak ez dituzten gazteei zuzendua da. Bestetik, Gaitasun Teknikoetan Prestatzeko tailerrak, prestakuntza prozesuetan sartzeko zailtasunak dituzten baina ikasteko prest daudenei zuzendua da. Eta hirugarrena, Gizarte Berrikuntzarako jardunak garatzeko gaitasun tailerrak dira. Oinarrizko Lanbide Heziketa amaitu duten edo amaitu gabe utzi duten gazte langabetuei zuzendua izango da.
Garapen Agentzien bidez
Txertatu Merkatuan programa Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-20120 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruko egitasmoa da. Europako Gizarte Funtsak finantzatuko du, Eusko Jaurlaritzak eta Garapen Elkarteak landu dute, eskualdeko garapen agentziek garatuko dute.