'Macbeth' filma emango du gaur Ostarrenak zine forumean

J.L. Romatet 2016ko maiatzaren 19a

William Shakespearen lanak behin eta berriro eraman dira zinemara. Imdb.com webgunearen arabera, 1.158 pelikula (film laburrak barne) egin dira historian zehar haren idazlanetan oinarrituta. 1898. urtean egin zen aurrenekoa, eta orain bertan 19 film da...

William Shakespearen lanak behin eta berriro eraman dira zinemara. Imdb.com webgunearen arabera, 1.158 pelikula (film laburrak barne) egin dira historian zehar haren idazlanetan oinarrituta. 1898. urtean egin zen aurrenekoa, eta orain bertan 19 film daude amaitzeko edo estreinatzeko zain.

Lehen film labur hartan Macbeth hilezkorraren egokitzapen bat egiten zuen. Horrez gain, Shakespearen beste hainbat lan eraman dira pantailara: Romeo and Juliet, The merchant of Venice, Hamlet eta abar luze bat.

Zinemaren historiako zuzendari eta aktore onentsuenak ere saiatu dira britainiarraren idatziak zeluloidera eramaten. Macbethen kasuan, Orson Welles (1948), Akira Kurosawa (1957) eta Roman Polanski (1971) bezalako maisuek bere lan aipagarrienetakoak lortu zituzten Stocktoneko bardoaren hitzen bitartez.

Gaurko honetan, Justin Kurzel zinemagile australiarrak iaz aurkeztutako egokitzapena eskainiko du Ostarrena zine klubak zine forum saioan (22:00etan, Aita Mari aretoan). Macbeth Glamiseko jaun feudala da, eta hiru sorginen iragarpena jasoko du: egunen batean Eskoziako errege bihurtuko da. Anbizioak itsututa eta emazteak bultzatuta, Duncan erregea hil eta tronua bereganatuko du. Hilketak erokeriaren eta segurtasunik ezaren gurpil zoroan murgilduko du erreinua. Aktore lanak Michael Fassbender eta Marion Cotillardek egin dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide