Baleazaleak izango dira Geoparkearen Asteko protagonista nagusiak

Gorka Zabaleta 2016ko maiatzaren 18a

'Euskal baleazaleen triskantza' dokumentala aurkeztuko dute, besteak beste. Kepa Junkera Zumaian izango da hilaren 28an disko berriko 'Marea Zumaian' kanta aurkeztekoEuropako Geoparkeen Astea ospatzeko egitaraua aurkeztu zuen atzo Euskal Kostaldeko Geo...

'Euskal baleazaleen triskantza' dokumentala aurkeztuko dute, besteak beste. Kepa Junkera Zumaian izango da hilaren 28an disko berriko 'Marea Zumaian' kanta aurkezteko

Europako Geoparkeen Astea ospatzeko egitaraua aurkeztu zuen atzo Euskal Kostaldeko Geoparkeak , Mutrikun, Geoparkeko baleazaleak goiburupean. Izan ere, antzinako baleazaleak izango dira aurtengo protagonista nagusiak.

Ostiralean hasi eta maiatzaren 29ra arte, ekintza ugari izango dira Zumaian, Deban eta Mutrikun, Geoparkea osatzen duten hiru herrietan: besteak beste, hitzaldiak, doako bisita gidatuak, argazki-erakusketa eta haurrentzako tailerra; Lasturko interpretazio gunearen inaugurazioa; Euskal baleazaleen triskantza dokumentalaren proiekzioak eta solasaldiak, eta Mendatako talaiara ibilaldi gidatua; eta Kepa Junkera & Sorginak taldearen emanaldia.

Hiru herrietako alkateek hartu zuten parte atzo aurkezpenean, Geoparkeko arduradun Leire Barriusorekin batera. Ekintzetan parte hartzera gonbidatu zituen herritarrak, «haur, gazte zein heldu».

Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, talaia baten arrastoak daude Mendatan (Itziar, Deba). Geoparkeak sustatuta, indusketa lanak egin dira Suhar Arkeologiaren eskutik eta bertan grabatu dira Euskal Baleazaleen Triskantza dokumentalerako zenbait irudi. Dokumentala ikusteko aukera izango da Zumaian, maiatzaren 26an, Aita Mari aretoan (19:00etan). Proiekzioaren ostean solasaldia egingo dute Suhar Arkeologia taldeko kideekin, euskaraz.

Zumaian beste bi ekintza antolatu dituzte Geoparkeen Astearen barruan. Aurrenekoa, igande honetan bertan, Flyscheko olagarroa deiturikoa. Zumaian bisitariei eskaini nahi zaien esperientzia berri bat da hori, Zumaiak olagarroarekin daukan lotura ezagurazteko. Bestalde, maiatzaren 28an Kepa Junkera Zumaian izango da bere disko berriko Marea Zumaian kanta eta bideoklipa aurkezteko. Alondegian izango da kontzertua, 19:00etatik aurrera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide