Bisitariak Ekainberrira sartzeko zain. (Olatz Prat)
Gaur Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Cristobal Balenciaga Museoan eta Zestoako Ekainberrin eta Lili Jauregian. Getariakoan herritarrek erakusketak doan ikusteko aukera dute, eta bisita gidatuak egingo dituzte: 12:30ean gaztelaniaz, eta 15:30ean euskaraz.
Bestalde, astebururako ere egitarauak prestatu dituzte Getariako eta Zestoako museoetan. Aurten Museoen Nazioarteko Eguneko gaia Museoak eta paisaia kulturala da. «Modu horretan, museoak inguruko paisaiari egin diezaioken ekarpenean sakondu» nahi dute.
Ildo horretan, astebururako ekitaldiak antolatu dituzte museoa bere inguruarekin lotuz. Alde batetik, Cristobal Balenciagak eta Getariako Udalak elkarlanean, larunbaterako Juan Sebastian Elkano eta Cristobal Balenciaga ezagutzeko bisita gidatua prestatu dute. Parte-hartzaileek lehenengo Balentziagaren museoa ezagutuko dute, eta gero Getariako Alde Zaharrean barrena bisita egin. 12:00etan da euskaraz, eta 16:30ean gaztelaniaz.
Bestalde, iganderako familiei zuzendutako jolasa antolatu dute Getarian. Parte-hartzaileek hainbat proba gainditu beharko dituzte. 6-12 urte arteko haurrak dituzten familientzako da.
Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da 943-00 88 40 telefonora deituta edo
didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzita. Jarduerak doakoak dira.
Zestoan, berriz, larunbatean Ekainberriko eta Lili Jauregiko sarreretan %50eko deskontua izango dute bisitariek eta Sortu (zure) labur artea jardueran parte hartzeko aukera dute. Urte osoan bezala, bisita gidatuak zaingo dira Ekainberrin eta Lili Jauregian. Leku mugatuak egongo dira bisita gidatuetan, beraz museoko arduradunek erreserba aldez aurretik egiteko gomendatu dute. Horretarako, 943-868811 telefonora deitu behar da, edo
www.ekainberri.com webgunean izena eman.