Igandean, maiatzak 15, Ceferino Peña Zubia omenduko dute Arroabean. ETAk hil zuen Peña, 1980an Narrondo auzoan. Narrondoko bizilagunek, Arroabeko Ezkaizto elkarteak eta Zestoako Udalak antolatu dute ekitaldia. 11:45ean meza izango da. Ondoren, ekitaldia egingo dute, eta Peñaren omenezko oroitarria jarriko dute Oroimenaren Txokoan.
Hemen duzue Narrondoko bizilagunek, Arroabeko Ezkaizto elkarteak eta Zestoako Udalak prestatutako oharra:
"Datorren igandean, maiatzak 15, Ceferino Peña Zubia zena izango da gogoan Arroabean, eta auzo horretako Oroimenaren Txokoan oroitarria jarriko da. Ekitaldia Narrondoko bizilagunek, Arroabeko Ezkaizto elkarteak eta Zestoako Udalak antolatu dute.
Ceferino Peña 1980ko maiatzaren 16an hil zuen ETAk Arroan. 30 urte zituen, eta Arroako karrozeria-tailer baten jabea zen Narrondon. Emaztea eta alaba zituen. Gerora, ETAk “hutsegitea” izan zela adierazi zuen, helburuz nahasi zela.
Ekitaldia 11:45ean hasiko da, meza berezi batekin. Ondoren, txalaparta soinuz, eliza ataritik plazara joango da jendea ekitaldiari hasiera ematera. Hortik aurrera, adierazpenen tartea izango da, eta musikak eta olerkiek ere izango dute beren tartea. Une hunkigarrienak izango dira Ceferino Peñaren familiak oroitarria bistaratuko duen momentua eta lore eskaintza.
Eta zergatik jartzen da oroitarria Ceferino hil eta 36 urte geroago? Umetako eta eskola garaiko lagun batek, bat-batean, bilera baten amaieran, esan zuen: “Horrekin ere badugu zorra”. Eta, horrela, lozorroan dagoen zerbait balitz bezala, aipamen hura Ceferinoren oroimenezko lehen harria jartzea bezalaxe izan zen. Handik aurrera, Arroabeko Ezkaizto elkarteak, Narrondoko bizilagunek eta Zestoako Udalak lanari ekin zioten.
Arroabeko Memoriaren Txokoak Ceferino Peñaren oroitarria izango du hemendik aurrera, bere lagun Jose Mari Kortaren eta gerra ondoren behartutako lanean ibilitakoen oroigarrien ondoan.
Ekitaldi alaia, itxaropentsua eta, aldi berean, hunkigarria izatea nahi dugu, eta, batez ere, baikorra, Korta eta Peña ziren bezalakoa. Arroatik zabaldu nahi den mezua edo gonbitea zera da, bakerako eta konponbiderako bidea denon artean egin behar dugula. Hori da gure omenaldi handiena."