Maratoian parte hartzeko dortsalak agortu dira dagoeneko, eta maratoi erdirako 30 bat baino ez dira gelditzen. Juanjo San Sebastian mendizalea izango da aurtengo omendua
Kluben arteko Espainiako Txapelketa izango da aurten uztailaren 3an Zumaian jokatuko den VIII. Flysch Trail mendi lasterketa. Maiatzaren 1era arte 30 bat izan dira izena eman duten klubak, eta ordutik aurrera bakarkako korrikalariei zabaldu zitzaien izena emateko aukera. Dagoeneko agortu dira maratoirako aurreikusitako dortsal guztiak, eta maratoi erdirako baino ez dira gelditzen, 30 inguru. Kirolprobak.com webgunearen bitartez eman behar da izena. Bi proben artean, 700 izango dira aurten Flysch Trailean parte hartuko duten korrikalariak.Iaz erabaki zuten antolatzaileek lasterketa nagusia maratoiko distantziara luzatzea. Batetik, nazioarte mailako zirkuituetan sartzeko beharrezkoa delako —Skyrunner National Series-eko proba izan zen iaz; aurten ez—; bestetik, lasterketa gogortzeko. Iaz korrikalariak oso pozik agertu ziren aldaketarekin eta antolatzaileek bide beretik jarraitzea erabaki dute. Beraz, aurten ere Andutz eta Salsamendiko igoerak gainditu beharko dituzte maratoian.
Korrikalarien ahalegina eskertzeko, sari gehiago eta potoloagoak jarri ditu aurten antolatzaile taldeak. Batetik, diru sariak bikoiztu egin dituzte. Maratoiko irabazleak 2.000 euro jasoko ditu —emakume zein gizonezkoen lasterketetan—, bigarrenak mila euro, 600 hirugarrenak, 400 laugarrenak eta 200 bosgarrenak. Gainera, mila euroko saria izango du maratoiko proban marka berria ezartzen duenak. Bestetik, lau sari berri egongo dira, ostalaritzakoak: Santa Klara (3. km), Salsamendi-Salegi (20,75. km), Pikote-Txarriduna (36,5. km) eta Talaimendi-Talasozelai (40,25. km).
Aurtengo omendua
Euskal mendizaletasunarekin lotutako pertsonak omentzen ditu urtero lasterketak, eta aurten Juanjo San Sebastian mendizaleak jasoko du Keixetaren eskultura. Uztailaren 1ean Bidaia hitzaldia emango du Aita Mari aretoan, 19:00etan.
Bestalde, lasterketan bildutako dirua Aspanogi, Markelen Irria eta Hegoak Astinduz elkarteentzat izango da.