Mende laurden bete zuen atzo Uemak, eta urtemuga ospatzeko Aizarnazabalen batu ziren euskalgintzako eragile ugari. Hain zuzen, udalerri horretan jaio zen mankomunitatea orain mende laurden, hemeretzi udalerri euskaldunek Aizarnazabalen egindako batzarraren ostean.
Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak hartu zuen hitza hasieran. "Gaur 25 urte bidea zabaltzen hasi zirenei esker euskaraz bizi gara udalean ere", esan zuen Arregik, hunkituta. Euskaltzale haien lana eta ekarpena ere eskertu eskertu zituen alkateak.
Ehun lagun inguru elkartu ziren Aizarnazabalgo Basakaitz herri eskolan. Euskararen normalizazioan lan egiten dutenez gain, erakundeetako arduradunak ere han izan ziren. Ordezkari horiekin batera, mankomunitatean dauden udaletako dozenaka hautetsik parte hartu zuten ekitaldian. Eskualdeari begira, Aizarnazabal, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako hautetsiak zeuden urtemugako festan, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren guztiak, hain zuzen.
Uemaren lorpenak
Josu Labaka Uemako lehendakariak elkarlana izan zuen hizpide hitzaldian, eta Uemaren lorpenak aipatu zituen. "Frogatuta dago administrazio publikoak euskaraz funtzionatu dezakeela", azaldu zuen orain arteko Uemako lehendakariak eta gaur egungo zuzendaritza batzordeko kideak ere oholtzan zirela.
Iñaki Arregi Uemako koordinatzaile ohia gogoan eduki zuten ekitaldian; orain sei urte zendu zen. Kontxi Gabantxo lehendakari ohiak adierazi zuen mankomunitatearen "arima" izan zela. Miren Segurola eta Iratxe Ibarra Uemako langileek oroigarria eman zien Arregiren senideei, euskararen alde egindako lana eskertzeko.
Uemaren izana jasotzen zuen bideoa bota zuten ekitaldian. Musikarako tartetxoa egon zen, eta Imanol Epeldek rap doinuei eutsiz
Euskal Herrian euskaraz abesten jarri zituen euskaltzaleak.
Txalo artean bukatu zen Aizarnazabalgo ekitaldia. Aurretik, jarri zuten hurrengo hitzordua, halere: Leitzan (Nafarroa) ospatuko dute Uema eguna ekainaren 28an. Egun osoko egitaraua izan ohi du udalerri euskaldunen egunak, urtero.
[flickr_set id="72157667939582726"]