Bloga, liburua eta dokumentala ankerkeria ez ahazteko

Gorka Zabaleta 2016ko maiatzaren 4a

Bigarren Errepublika garaiari eta Gerra Zibilari buruz egindako ikerketak argitaratuko ditu Erkibek, belaunaldi berriek gertatutakoa ahaztu ez dezaten.

aranzadi_content Duela 20 bat urte hasi zen Erkibe Kultur Elkarteko kide Joseba Esnal ikertzen zumaiarrek Gerra Zibilean eta gerra ondoren jasandako errepresioa, etxeko sukaldean entzundako istorioek bultzatuta. Horrela jakin du, esate baterako, frankistek 252 emakume kanporatu zituztela herritik 1937ko otsailaren 13an, eta seme-alabak haiekin; paper zaharretan begiratuta eta zaharrei galdetuta dokumentatu du Zumaian 11 lagun fusilatu zituztela; Gernikako hobi komunean bost zumaiar daudela hilobiratuta; gaur egun talasoterapia den etxea frankistek konfiskatu zutela beraien haurrentzat opor leku bihurtzeko; edota gerrako iparraldeko frontean hildako italiar faxistak Zumaiako hilerrian hilobiratzen zituztela... "Informazio asko bildu dugu: testigantzak, dokumentuak, argazkiak eta abar; eta ez bakarrik Gerra Zibilekoak edo gerra ondorengoak, Errepublikaren garaikoak ere bai. Hori guztia ezagutzera eman nahi dugu, belaunaldi berriek gertatu zenaren oroimena galdu ez dezaten", iragarri zuen Joseba Esnalek joan den ostegunean Aita Marin Zumaiako 15 eta 16 urteko ikasleen aurrean egindako agerraldian. Historia hori guztia zabaltzeko hiru bide ari dira lantzen Erkibe Kultur Elkartekoak. Batetik, blog bat ari dira prestatzen dokumentu eta argazkiekin; bestetik, ikasleei zuzendutako liburuxka bat argitaratuko dute udazken alderako; eta azkenik, dagoeneko martxan dago emakume kanporatuen historia kontatuko duen dokumentala. "Baleuko ekoiztetxea ari da dokumentala lantzen eta Donostiako Zinemaldian aurkeztea da nahia", aurreratu du Esnalek Zumaiako agerraldian. Horrez gain, material guztia Aranzadi Zientzia Elkartearen esku utziko dute, aurrerago dokumentazio horrekin liburu landuago eta mardulagoa osatu eta argitaratzeko.

Lourdes Errasti: "Hobietako hezurrei aurpegia jartzea da gure helburua"

Aranzandi Zientzia Elkarteak azken 16 urteotan egin dituen deshobiratze lanak azaldu dizkie Lourdes Errasti arkeologoak Zumaiako DBH4ko ikasleei.
Duela 16 urte hasi zen Aranzadi Zientzia Elkarteko lan taldea Gerra Zibileko hobi komunak deshobiratzen. "Lagun batek esan zigun bere aitona Leongo hobi batean zegoela, eta ea lagunduko genion. Deshobiratzeetan metodologia arkeologikoa erabili zen lehen aldia izan zen. 13 lagunen hezurdurak aurkitu genituen. Haien artean zegoen Emilio Silva, gure lagunaren aitona". Orduz geroztik, 700dik gora hobi ireki eta 7.500 hildako aurkitu dituzte. Aurkitutakoen herena baino ez dute lortzen identifikatzea. "Berandu hasi garelako", dio Lourdes Errastik, atsekabez.
Hildakoa identifikatzea baita, azken finean, helburua, "hobietako hezurrei aurpegia jartzea". Eta horretarako ikerketa lan zorrotza egiten dute. Hezurdurekin batera hobietan aurkitzen dituzten objektuak aztertzen dituzte: eraztunak, jantziak, oinetakoak, balak... Horrez gain, senideak elkarrizketatzen dituzte, eta dokumentu zaharretan bilatzen dute.
Hamaika kasu eta adibide jarri zizkien Errastik Aita Marin bildutako ikasleei. Gorlizko marinel batena, adibidez: "Iruñeako San Kristobalgo presondegian hildakoak identifikatuta ehorzten zituzten: botila baten barruan sartzen zuten bakoitzaren izena; baina tapoia kortxozkoa zenez, deshobiratu genituenean papera ustelduta zegoen. Baina batek plastikozko tapa zuen, eta ondo kontserbatu zen papera: Horrela jakin genuen, Andres Gangoiti zela, Gorlizkoa".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide