Parte-hartzearen tresna bihurtu da

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko maiatzaren 3a

Twitter sare sozialak presentzia handia du herrialde eta hizkuntza askotan. Ez da salbuespena euskararen herria. Eskualdeko hainbat norbanako, eragile eta erakundeek erabiltzen dute tresna hori.

[caption id="attachment_297760" align="aligncenter" width="300"]Mugikor zein ordenagailuetatik sar daiteke Twitterrera. (Hitza) Mugikor zein ordenagailuetatik sar daiteke Twitterrera. (Hitza)[/caption] Microblogging deituriko zerbitzu bat da Twitter. Izenak berak dioen moduan, blog baten gisakoa da, baina sarrera laburrekin, micro-a. 140 karaktere ditu erabiltzaileak esan behar duena idazteko. Horrez gain, plataformak onartzen ditu argazkiak eta bideo laburrak ere. Bat-bateko komunikazioarekin lotuta, Twitterren bereizgarrietakoa da elkarrekintza. Beste erabiltzaileei erantzuteko aukera ematen du, baita txio-ak, hau da, mezuak, partekatzekoa ere, bertxioen bidez. Hainbat hizkuntzatan idazten dute Twitterren erabiltzaileek. Euskaldunek ere beraien lekua dute, eta eskualdeko norbanako, talde eta eragileek ere jarduten dute. Urola Kostako norbanako aktiboenetakoa da Enekoitz Esnaola Berriako kazetari azpeitiarra, Umap.eus plataformaren arabera. Hark uste du ez dela txarra euskarak sare sozial horretan duen lekua, baina argi du erabiltzaileen ardura dela hizkuntzari txokoa egitea: "Sarean ere euskaldunok geure hizkuntzan toki bat behar dugu, baina bidea geuk ireki behar dugu". Kazetari bezala, informazioa jasotzeko zein emateko erabiltzen du Esnaolak microblogginga. Erabiltzaileak "asmo jakin batekin" aukeratzen dituela azaldu du hark. Berak, berriz, "politikako, euskarako eta Azpeitiko kulturako txioak" egiten ditu. Izan ere, Berriako Politika saileko erredaktorea da azpeitiarra. Bestalde, Esnaolak esan du norberak erabaki behar duela nola erabili Twitter kontua. Dena den, kazetari bezala, uste du informatzeko erabili behar dela: "Bi norabidetan: zu informatzeko, zuk informatzeko". Erakundeen jarduna Azpeitiko Udala da Euskal Herriko udalen artean lehena Umap.eus-en sailkapenean. Udal informazioa zabaltzeko erabiltzen dute haiek tresna, euskara hutsean. Horretaz gain, ordea, "herrian egiten diren ekintza eta bestelako albisteen isla" izaten ere saiatzen direla azaldu du Ihintza Agirretxe komunikazio teknikariak. Parte-hartzearekin ere lotzen du Agirretxek euskarria: "Herritarren iritziak eta ekarpenak jaso eta elkarrizketarako bide ere badira sare sozialak. Horrek herritarrengandik gertuago egoteko balio digu". Gomendio bezala, teknikariak esan du "herritarrak dauden lekuan" egon behar dutela erakundeek, "beraz, sareetan aktibo izan behar dute". Julene Frantzesena Urola Kostako Hitzako webgunearen arduradunak esan du "oso garrantzitsua" dela sare sozialen erabilera egokia hedabideentzat. "Gaur egun, webguneko bisiten lautik hiru Twitter eta beste sare sozial batzuetatik sartzen dira, beraz, zaindu egin behar da tresnaren erabilera", azaldu du. Beste erabiltzaileekin komunikatzea "gakoa" dela uste du: "Herri komunikazioan bereziki du zentzua parte-hartzeak eta elkar trukeak". Horregatik, Frantzesenaren arabera,  saiatu behar da norbanako eta eragileak aipatzen sarreretan, haiek ere mezua zabal dezaten. Eskualdeko ranking-ak Norbanakoak Hodei Iruretagoiena: @hirual. Zarautz (9. postuan). Enekoitz Esnaola: @EnekoitzEsnaola. Azpeitia (14. postuan). Ana Galarraga: @AnaGalarraga1. (16. postuan). Gari Berasaluze: @kalaportu. Zarautz. (17. postuan). Hedabideak Urola Kostako Hitza: @ukHitza. Eskualdea (32. postuan). Uztarria: @uztarria. Azpeitia (34. postuan). Zarauzko Hitza: @zarauzkohitza. Zarautz (41. postuan). Gizartea eta politika Hitzartu. @HitzartuAzp.  Azpeitia (62. postuan). Elkar-ekin: @ElkarEkin. Azpeitia (67. postuan). EH Bildu Zarautz: @EHBilduZarautz. Zarautz (91. postuan). Kultura Literaturia: @literaturiaz. Zarautz (hamabigarren postuan). Sanagustin kulturgunea: @sanagustinkultu. Azpeitia (35. postua). Anari Alberdi: @anarirena. Azkoitia (43. postuan). Udalak Azpeitiko Udala: @AzpeitikoUdala. Azpeitia (1. postuan). Azkoitiko Udala: @AzkoitiaUdala. Azkoitia (3. postuan). Zestoako Udala: @ZestoakoUdala. Zestoa (6. postua). Iturria: umap.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide