UROLA KOSTAKO HITZA hedabideak aurreko urteetan Zumaiako Udaletik zuen diru laguntza bere horretan mantentzea eskatu zuen EH Bilduk mozio bidez. Izan ere, 2016rako Udal Aurrekontuetan euskarazko hedabidearen laguntza %82 jaitsi zuen EAJren Udal Gobernuak; 5.000 eurora murriztuz. Mozioan laguntza beste 23.650 eurotan igotzea eskatu zuten EH Bildukoek. «Euskarazko komunikabideak behar-beharrezkoak dira, eta horiei esker azken urteetan herritar ugari hasi da euskaraz irakurtzen. Hedabideetan euskarak presente egon behar du, eta kalitatez eta baldintza duinetan egin behar da lana», esan zuen Arritxu Iribarrek.
Koalizioaren proposamena ez zuten onartu: EAJk kontra egin zuen; PSE-EEkoa, berriz, abstenitu egin zen. Korta alkateak esan zuen, Zumaia bailarako herri bakarra izan dela proportzioan diru gehien eman duena eta herrian euskarazko beste hedabide bat ere badela, Baleike, eta «oreka aurkitzeko», onartutako jaitsiera defendatu zuen.
Gero, ordea, PSE-EEk HITZAri beste 5.000 euro ematea proposatu zuen; jaitsiera gehiegizkoa iritzita. Mozio horrek aldeko hamar boto jaso zituen:PSE-EEko bat, EH Bilduko 6 eta EAJ-PNVko hiru. EAJko beste hirurek kontra bozkatu zuten.