Maiatzaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Urola Kostako LABek

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 29a

Urola Kostako LAB sindikatuak maiatzaren 1erako prestatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Donostian egingo dute manifestazioa igandean, 12:30ean, Alderdi Ederretik abiatuta. Horrez gain, maitzaren 28an Langileok bideak batuz lelopean Bilbon egingo duten manifestaziorako ere egin dute deia sindikatuko kideek. Hona hemen, maiatzaren lehenaren harira LABek kaleratu duen oharra: "Iazko maiatzaren 1ean LABetik genion ez genuela hazkunde ekonomikoko fase berri hau sendotzen eta egonkortzen lagunduko, elite ekonomikoek eta politikoek, beren aberastasuna bermatzeko, gehiengo soziala miseriara kondenatzen duten bitartean. Guk ekinbide sindikala egokitu dugu prekarietatearen aroari aurre egiteko. Ez dugu orain 10 urteko egoerara itzuli nahi. Egoera irauli nahi dugu, eta horretarako arazoaren muinera jo dugu: emergentzia sozialeko egoerari erantzutera, lan munduan dugun errealitatea iraultzera eta alternatiben eraikuntzan aurrera egin ahal izateko bitartekoak sortzera. Borrokak piztuz, mobilizazioak eta gatazkak hauspotuz, krisi soziala eta prekarietatea lehen mailako arazo nazional bihurtu behar ditugu, agenda politiko instituzionalean erdian jarriz. Gero eta gehiago dira sindikalismoaren funtzio historikoen eraginetik kanpo geratzen ari diren langileak: lan mundutik at, negoziazio kolektiboaren babesik gabe edo prestazioetara eta, oro har, zerbitzu publikoetara sarbidea ukatuta. LABeko kideok guzti hori salatzen ari gara, baina alternatiba zehatzen defentsan ere ari gara, aberastasunaren eta lanaren banaketa direlarik gakoak: 1200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astea, emakumeengana neurri horiek iristeko politika zehatzak, lan osasuna ziurtatzeko neurriak eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. Bost urrats horiek ematen badira, langileen egoera goitik behera aldatuko da. Aldaketa eragiteko baldintzak baditugu: mugimendu sozial eta sindikal indartsua dugu, Karta Sozialaren bueltan Euskal Herrian alternatibak proposatzeko, saretzeko eta elikatzeko. Bagara antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna duen herria. Eta badugu aldaketa sozialak eta laboralak behartzeko sindikalismo borrokalari bat, LABena. Horregatik, maiatzaren lehenean ere kalean izango gara. Aurten Donostian egingo den manifestazioan izango dugu elkartzeko eta aldarrikatzeko gunea. 12:30ean Alderdi Ederretik aterako den manifestazioan parte hartuko dugu. Eta borrokak etenik ez duenez, maiatzaren 28an ere kalean izango gara. Kasu honetan Bilboko kaleetan zehar ibiliko gara euskal oligarkiaren bihotzean ozen entzun gaitzaten. Langileok bideak batuz lelopean, Bilboko kaleak prekarietatearen aurkako oihu bihurtuko ditugu. Animatu parte hartzera, eta antolatu langile eta Euskal Herriaren aldeko borrokan. Gora langile borroka! Gora LAB!"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide