"Zerbait egin beharra zegoela ikusi genuelako goaz Greziara"

Baleike.Eus 2016ko apirilaren 28a

Zumaiako hiru gazte doaz Greziara Zaporeak taldearekin parte hartzera. Hogei bat egunez izango dira Quios irlan errefuxiatuentzako janaria prestatzen eta banatzen.

[caption id="attachment_297149" align="aligncenter" width="300"]P4261099_content Errefuxiatuen harrera taldeko kideak, datorren asterako iragarritako kontzertuen kartelekin. (Sara Utrera)[/caption] Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeko Nerea Eizagirre eta Libe Aizpuru eta Bartzelonan argazkilaritza ikasketak egiten ari den David Julia zumaiarra Greziako Quios irlara joango dira. Bertan Ekialde hurbil eta ertaineko gerretatik ihesi diren errefuxiatuen egoera ezagutuko dute, eta Donostiako Zaporeak taldearekin ariko dira errefuxiatuei laguntzen.  Eizagirre eta Aizpuru bihar bertan abituko dira Greziara; Julia, aldiz, datorren astean joango da. "Harrera Taldekoon hasierako helburua ez zen Greziara joatea. Orain hilabete batzuk, taldea martxan jarri genuenean, pentsatzen genuen dagoeneko errefuxiatuak hemen egongo zirela, eta haurrak eskolara eramaten eta hizkuntzarekin laguntzen egongo ginela. Baina ikusita nolako genozidio ari den gertatzen inguru han, eta Europar Batasuna zer nolako neurriak hartzen ari den, gure ideiak ere eboluzionatzen joan dira eta zerbait egin beharra zegoela pentsatu dugu", azaldu du Nerea Eizagirrek. Donostiako Zaporeak taldea  egiten ari den lana ezagutzeak zerikusi handia izan du zumaiarrek bidaia hau antolatzeko: "Ez da gobernuz kanpoko erakunde bat. Mediterraneoan gertatzen ari den tragedia ikusita, mugitu diren adineko batzuk osatzen dute Zaporeak. Hara joan zirenean, ikusi zuten errefuxiatuei laranja bana ematen zietela, gehiago ez. Hori ikusita, dena utzi eta janaria banatzen hasi ziren". Gaur egun, milaka jatordu banatzen ditu talde horrek Lesbos irlatik hurbil dagoen Quios irlan: "Janaria eta diru biltzeko ideia izan genuenean, Zaporeakekoekin jarri ginen harremanetan. Esan ziguten, gurea bezalako herri mugimenduei esker egin zutela aurrera eta horrek guri ere indarra eman zigun. Beraiek dira inguru hartan benetan laguntzen ari direnak", gaineratu du Libe Aizpuruk. Zaporeak taldeko lagunez gain, Getariako eta Zarauzko sorosleak ere irla horretan dira laguntzen. Hogei bat egunekoa izango da hiru zumaiarrek egingo duteb bidaia, eta Quiosen igaroko dituzten egunetan Zaporeakekin egingo dute lan: "Janariak prestatzen eta banatzen. Zortzi bat laguneko lantaldeak izaten dira, eta hiru astean behin aldatzen dituzte, fisikoki eta psikologikoki oso gogorra delako. Maiatzean hutsunea zegoen eta horregatik animatu ginen. Zerbait egin beharra zegoela ikusi genuen". Janari bilketa eta jaialdia Aste honetan bertan iragarri bezala, janari bilketa bat jarri du martxan Harrera taldeak. Astean zehar ikastetxe mailan bilduko dituzte. Bihar arratsaldean eta larunbat goizean herri mailan bilduko dute; Eroski, Dia eta Itsaski saltokien aurrean. Herriko beste saltokiren batek ekintza honetan parte hartu nahiko balu, zumaiakoharrerataldea@gmail.com helbidera mezu bat bidali dezake. Ez da hau Harrera Taldeak antolatutako ekintza bakarra. Izan ere, hurrengo asteburuan, maiatzaren 6an eta 7an, zenbait kontzertu egingo dira errefuxiatuen alde dirua biltzeko: maiatzaren 6an Torreberri Gaztetxean izango da kontzertua. Maiatzaren 7an, berriz, Maria eta Joseko aretoan. Bi saioak 22:00etan hasiko dira. Kontzertuen sarreretatik eta borondatearen bidez jasotako dirua Zaporeak taldeari emango diote osotasunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide