Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkate ohia Ondarroako udal ordezkariekin bildu da gaur

Baleike.Eus 2016ko apirilaren 19a

Joan den martxoan Ondarroan izandako luiziaren ondorioz, hainbat familiak utzi behar izan zituzten beren etxebizitzak mendia etxeen gainera erortzeko arriskua zegoela ikusita. Ondarroako Udalak Bermeoko alkateordearekin eta Zumaiako alkate ohi Iñaki Agirrezabalagarekin bildu da gaur esperientziak partekatzeko. Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialaunetak esan duenez, "beste herrietan gertatutakoak Ondarroakoarekin ez dauka zerikusirik, baina prozesuan antzekotasun ugari daude. Eman dizkiguten aholkuak lagungarriak izango direla pentsatzen dugu”. Zumaian 2014ko martxoaren 7an gertatu zen luizia Juan Belmonte kaleko 51. zenbakiaren atzealdean, eta eraikin horretan bizi ziren familiak beren etxeetatik atera behar izan zuten. Une hartan Iñaki Agirrezabalaga zen Zumaiako alkatea. "Ondarroako alkateak antzeko egoerak izan dituzten herrietako alkate batzuekin egon nahi izan du, eta EH Bildutik deitu zidaten gure esperientziaren berri emateko", esan du: "Azaldu diet zer gertatu zen Zumaian. Bizi duten egoeraren antzekotasunei eta desberdintasunei buruz hitz egin dugu". Ondarroan oso egoera larria bizi dutela azpimarratu du alkate ohiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide