Coca-Cola lata batekin egindako argazkiak

Baleike.Eus 2016ko apirilaren 15a

Mundua jostorratz begi batean izeneko erakusketa zabaldu du Jon Andoni Martinek Oxford aretoan. Argazki estenopeikoak egiten ditu, ia edozerrekin. Apirilaren 24ra arte egongo da zabalik.

Jon Andoni Martin erakusketaren egilea. (Baleike.eus) Freskagarri lata bat, jostorratza eta paper fotografikoa. Hiru osagai horiekin argazkiak egin daitezkeela erakusten du Jon Andoni Martinek (Azkoitia, 1964) Oxford aretoan zabaldu berri duen erakusketan. Eta freskagarri lata bat ez badaukazu eskura, kalabaza bat erabil dezakezu, edo kutxa sinple bat. Ez da erokeria, argazkigintza hutsa da. "Azken finean, kamera ilunaren printzipioa erabiltzen dut. Ontzi itxi bat, barrutik beltzez pintatuta eta jostorratzarekin egindako zulotxo bat duena, argi izpiei sartzen uzteko. Ontziaren barruan, lehen argazkiak errebelatzeko erabiltzen zen paper fotografikoa sartu eta esperimentatzea da hortik aurrerako kontua", dio. Zulotxotik argi izpiak sartzen dira eta kanpoko irudia proiektatzen dute –iraulita– ontziaren barruko hormetan. Hor paper fotografikoa dagoenez, irudia inprimituta gelditzen da. Argiari zenbat denboraz utziko diogun pasatzen kalkulatu behar da, argazkia ilunegi edo erreta ez agertzeko. Jon Andoni Martinek zinta zati bat erabiltzen du obturadore modura, zuloa ireki edo ixteko. Estenopeikoak deitzen zaie kamera ilunaren teknika honekin egiten diren argazkiei. Argazki kamera digitalek ia dena automatikoki egiteko gai diren garai hauetan, argazkigintzaren hastapenetako tekniketan aurkitu du Martinek ikertzeko eta jolasteko eremua. "Argazkigintza digitalarekin ehunkada argazki egin ditzakezu ia ohartu gabe; gero etxera zoaz, eta ordenagailu aurrean argazki horien artetik batzuk aukeratu eta editatu egiten dituzu. Iritsi zen une bat, horrek ez ninduela batere asetzen. Duela bost urte ezagutu nuen teknika berezi bat, solarigrafia, eta orduan hasi nintzen lehengo teknikak ikertzen eta probatzen. Orain argazkiak pentsatu egin behar dituzu, teknikak ikasi, prozesu osoa ezagutu, landu... Askoz aberasgarriagoa da”, azaldu du. Erreportajea osorik, Baleike.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide