Bihar Zuhaitz Eguna egingo dute Zumaian. Orain arte Basustan, Artadin edo Foronda inguruan landatu izan dira zuhaitzak; aurten, ordea, ekitaldia herritarrengana hurbiltzeko xe- dez, ingurumenaren zaintza helburu duen ekimen hori herriko kaleetan egingo dute.
Horretarako, ibilaldi bat antolatu dute goizean zehar herriko zuhaitzak aldatu eta berritzeko. 11:30ean elkartuko dira parte-hartzaileak Algorri Interpretazio Zentroan, eta udaleko lorezainen laguntzarekin eta trikitilariek girotuta, ordu batak bitartean, zuhaitz desberdinak landatzen ariko dira.
Zortzi geldiune egingo dituzte, eta landaketak, besteak beste, Baltasar Etxaben, Juan Belmonten, Itzurun zuhaizbidean, Ondartxo eta Amaiako plazetan eta Basadi auzategian egingo dituzte. Falta diren aleak landatu eta ihartutakoak aldatuko dituzte.
Guztira, hamalau zuhaitz landatuko dituzte eta berritutako ale bakoitzari bi identifikazio seinale jarriko dizkiete: aurrena, zuhaitza landatu duten partaideen izenak eta landaketa eguna izango ditu ikusgai, eta egun horretan bakarrik egongo da ipinita; bigarrenak, aldiz, zuhaitzaren izen zientifikoa izango du idatzita elebitan eta finkoa izango da.
Ibilbidea Victoriano Arrate kalean bukatuko dute, eta bertan hamaiketakoa eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei (edaria norberak eramatea gomendatu dute antolatzaileek). Goizeko ekintzekin bukatzeko, otamenaren ostean, Zuhaitza, gure laguna liburuxka banatuko dute.
Parte hartzeko gonbita
Iraunkortasuna indartu eta bultzatzea du helburu Zuhaitzaren Egunak. Horrez hain, ingurumenaren zaintzak duen garrantziaren inguruan herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatu ere nahi dute. Hori dela eta, Zumaiako Udalak herritar guztiak, heldu, gazte zein haur, animatu ditu Zuhaitz Eguneko ibilaldian parte hartzera.