Hitzez elkarteko eta Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareko kideak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin. (Emakunde)
Apirilaren 26an Donostiako Kursaalean izango da Emakunde Sariaren sari baneketa
Emakumeen Ahalduntzea, Berdintasunerako Gakoak jardunaldiaren barruan. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta Euskadiko hainbat emakume elkarteetako ordezkariak bilduko dira emakumeen ahalduntzea gaia jorratzeko.
Sari banaketaz gain, bi hitzaldi eta mahai ingurua antolatu dituzte goiz eguerdi partean. Marcela Lagarde antropologoa eta Sara Ibarrola soziologoa izango dira hizlariak. Horretaz gain, mahai-ingurua egingo dute emakumeen ahalduntzeari buruzko esperientziak eta testigantzak partekatzeko; tartean izango da Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteko lehendakari Rosa Aramendi zarauztarra, Bagabiltza Fundazioko, Andrak Elkarteko, Plazandreok elkarteko eta Garaipen elkarteko ordezkariekin batera.
Arratsaldean, 18:00etan, egingo dute Emakunde Sariaren banaketa; Hitzez Emakume Baserritarren Elkarteak eta Arabako Landa Eremuko Emakumeen Sareak jasoko dute oroigarria Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eskutik. Sariarekin emakume baserritarrek eta landa eremuko emakumeek egiten duten lana aitortu nahi izan dute; Izaskun Landaidak saridunak jakinarazi zituenean azaldu zuenez, "emakumeak ezinbestekoak dira landa eremua bizirik izateko, zaintzeko eta lehen sektorean berrikuntzak sustatzeko. Horregatik, emakume hauek isilpean egiten duten lana ikusarazi nahi dugu, eta elkarteak etengabe aldarrikatzen ari diren eskubide berdintasuna gizarteratu".