Herritar askok Urola Kostako Enplegu Zentrora jotzen dute lana bilatzeko laguntza jasotzeko. (UKUE)
Urola Kostako Enplegu Zentroak lanik gabe dauden herritarrek lana bilatzeko prozesuan eragina duten alderdiak eta baliabideak landu ditzaten tailerrak antolatu ditu. Hainbat alderdi jorratuko dituzte saioetan, baina aurten, berrikuntza bezala, emakumeen eta generoaren inguruko ikastaroak antolatzeko eskatu die Lanbidek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu zentroei.
Apirileko eta maiatzeko egitarauan, esaterako, Urola Kostako Udal Elkarteak Emakumeen Ahalduntzea lantzeko tailerra antolatu du. Urola Kostako Udal Elkarteko teknikari Vanessa Garciak azaldu duenez, «krisi ekonomikoaren eraginez, senarra langabezian geratu denean, zenbait emakumek lan mundura irten behar izan dute, eta hainbat zailtasunekin egin dute topo, emakume batzuk ez baitute duten potentziala ikusten».
Ildo horretan, apirilaren 29ko tailerrean Ezkutuko Curriculuma deitzen zaiona jorratuko dute. «Askotan emakumeen gaitasunak estereotipatuak daude, eta gaitasun teknikoei ematen zaie garrantzia; horregatik, aurreiritzien eraginez, askok uste dute arlo jakin batzuetan soilik lan egin dezaketela. Guk emakumeek dituzten gaitasunak identifikatu eta lantzea nahi dugu, baita aurreiritziak haustea ere, horrela lana bilatzeko dituzten beldurrak gaindituko dituztelako». Horrez gain, emakumeek lana bilatzeko helburua beren errealitatetik abiatuta jartzea nahi dute.
Norberaren egoera ardatz
Garciaren esanetan, langabetuek askotan uste dute teknikoki ezagutzak ez badituzte «ez dutela laneratzeko aukerarik», edo arlo zehatz batzuetan lan egin dezaketela soilik. Enplegu zentrotik irudipen hori aldatu nahi dute: «Emakume askok esaterako geriatria laguntzaile ikastaroa egiten dute inertziaz, eta guk erakutsi nahi diegu zaintza lanez gain, beste aukera batzuk ere badituztela, eta horietan trebatzeko ikastaroak ere badaudela».
Horrez gain, Urola Kostako Enplegu Zentroko teknikariaren iritziz, garrantzitsua da emakumeek lana bilatzerakoan beren egoeraz hausnartzea. «Pertsona bakoitzak duen motxila kontuan hartu behar da. Guk motxila deitzen diogu pertsona bakoitzak duen prestakuntza, esperientzia, karga eta mugei, besteak beste. Ezinbestekoa da horiek kontuan hartzea lana bilatzerakoan jorratu beharreko sektorea aukeratzerako, bestela lan karga areagotzen baita», gaineratu du.
Emakume askok «ohituraz» zerbitzu arloan edo denda saltzaile moduan bilatzen dute lana, Garciak azaldu duenez, «baina enplegua aurkitzen dutenean ohartzen dira seme-alaben martxarekin bat egiteko oso zaila dela. Horregatik, oso garrantzitsua da, lana bilatzen hasi aurretik hausnarketa egitea, eta ohartzea agian ez dela unea saltzaile bezala lan egiteko eta beste arlo batzuk jorratu beharko dituztela».
Garciak argi du gai «konplexua» dela, eta emakumeen ahalduntzea lantzeko hiru ordu baino gehiago behar direla. Horregatik, tailerrean oinarrizko azalpenak emango dituzte, eta ondoren Enplegu Zentroan bakarkako aholkularitzak eskainiz bakoitzarekin sakonduko dute gaia, eta bilaketa prozesuan laguntza ere eskainiko diete.
Enplegu Zentroko tailerren batean parte hartu nahi dutenek Urola Kostako Udal Elkartean, 943-890808 telefono zenbakira deituta, edo
lanpoltsa@urolakosta.eus helbidean izena eman dezakete.