Bukatu dira aurtengo San Telmo jaiak. Bigarren asteburuan ere izan da gozatzeko aukera: kontzertuak, lehiaketak, kirola eta parranda egiteko giro ederra.
Bi asteburu luze izan dira, eguneroko betebeharrak alde batera utzi eta gozatzeko. Baina isildu dira musika tresnak. Garbigailuak arrantzale arropei olagarro usaina erabat ezabatu baino lehen, gogora ditzagun bigarren asteburuak eman dituenak.Olagarro zopa onena
Ostiralean txosnaguneko karpan Neil Young, Rage Against the machine, Piperrak eta Soziedad Alkoholikaren bertsio bikainak entzun ondoren, olagarro zopa lehiaketarekin eman zitzaion hasiera larunbatari. Txoaskina elkarteko Laura Esnalek eta Mila Bakedanok irabazi dute aurten txapela. Epaimahaiak lanak izan zituen zoparik onena aukeratzen, gehien-gehienek oso maila parekatua eman baitzuten. Txoaskina eta Pulpo elkarteen arteko berdinketa gertatu zen lehen puntuaketa errondan. Txapelak, baina, batentzat behar du izan eta, bigarren puntuaketan, Txoaskinarentzat saria. Ohiko txapelez gain, Echo bailarako aizkolariek egurrean landutako olagarro bat ere eraman dute oroigarri Laura Esnalek eta Mila Bakedanok. Bestalde, toka eta rana lehiaketak Luis Alkortak irabazi ditu.
Zaldi lasterketa
Azken urteotan klasikoa bihurtu da Itzurungo zaldi lasterketa. Igandean ere jende andana erakarri zuen, eguraldi ona lagun. Hamabost zaldun izan ziren lehian, hiru txandatan banatuta. Finalean, Telleria lasartearra izan zen azkarrena, Estai zaldiarekin. Kontsolazio finala, berriz, Ibon Etxabe zumaiarrak irabazi zuen.
San Juan eta Hondarribia
Eta igandea arratsaldean, nola ez, trainerilletako San Telmo Saria. Emakumeen estropada jokatu zen aurrena. Binakako txandatan, San Juan izan zen azkarrena, Zumaia, Getaria eta Orioren aurretik. Gizonezkoetan Hondarribiak egin zuen denborarik onena, Zarautz eta San Juanen aurretik. Orio laugarren izan zen, eta Zumaiako bi ontziak bosgarren eta seigarren. Getaria deskalifikatu egin zuten, Zumaia A-ren gainera joateagatik.
Gauerdian, txarangak eta kofradia aurrean bildutakoen ahotsek lagunduta, Eñaut Segurolak jaitsi zuen bandera lehen aldiz, Antxon aitari erreleboa hartuz. Garbigailuak bukatu du lana, hurrengo santelmoak arte.