Azken txanpan sartu dira pilotalekuaren hiritartze lanak. Pilota eskolako haurrek asteartean hasi zituzten entrenamenduak frontoi berrian, Odieta ia erabat eraitsi eta bederatzi urtera
Bide luzea eta korapilotsua izan da Zumaiako pilotaleku berriarena, baina dagoeneko udal agintariek jarri diote estreinatzeko data: sanpedroetan jokatuko da lehen jaialdia. Pilotalekua bera amaituta dago —taberna osatzea falta da—, baina ingurua hiritartzeko lanak erabat bukatu arte ezin zaio publikoari zabaldu. Dena den, lan horiek ere azken txanpan daude. Pilotalekua kudeatzeaz nor arduratuko den erabakitzea falta da.Azken lanak osatu bitartean, pilota eskolako haurrak hasi dira frontoi berrian entrenatzen. Astearte arratsaldean, 17:00ak aldera, izan zuen seikote batek lehen saioa egiteko aukera. Asier Zendoia, Danel Odriozola, Jon Arana, Julen Cabanillas, Julen Mugerza eta Ekaitz Galarragak jo dituzte lehen pilotakadak Aitzuriko horma beltzaren kontra. Seiak ere 11-12 urteko mutilak, entrenamenduetarako Zumaiako Herri Eskolako eta Getariako frontoiak baino ez dituzte ezagutu orain arte. Frontoi berria eraikitzen ikusi dute joandako hilabeetan, eta asteartean behingoz barrura sartzeko irrikaz zeuden. Xisterak eskumuturrera lotu eta sartu ziren kantxara. Frontoi «polita» eta «handia» iruditu zitzaien lehen saioan. Hartuko diote neurria denborarekin.
2007tik frontoirik gabe
2007ko udazkenean eraitsi zuten ia erabat Odietako frontoia, auzoa eta Beheko plaza biziberritzeko plan baten barruan. Krisi ekonomikoak ia erabat zapuztu zuen hasierako plana, eta frontoi berria eraikitzeko bidea korapilatzen hasi zen. Azkenean, Sukia enpresak eraiki du, Ardantzabiden etxebizitza tasatuak sustatzeko udalak emandako lur eremu baten truke.
Odieta bota zenetik, ia hamar urtez, inguruko herrietako frontoietara joan behar izan dute entrenatzera zesta punta eskolako haurrek, astea joan eta astea etorri. Urte hauetan, haur askok pilota utzi egin dute, atzera eta aurrera ibiltzeaz nekatuta. Baina bukatu dira pilotazaleen miseriak. Hemendik aurrera pilotaleku berria eta erosoa daukate entrenamendu saioetarako, Zumaian bertan.