Bilera deitu dute herri irrati librea sortzeko

Gorka Zabaleta 2016ko apirilaren 6a

Zumaian euskarazko herri irrati librea sortzeko egitasmoa dago martxan. Bilera bihar egingo da, 19:00etan, AlondegianDuela pare bat urte sortu zen Zumaian irrati libre bat martxan jartzeko ideia, herrian hutsunea zegoela ikusirik. Orain, lan batzuk aur...

Zumaian euskarazko herri irrati librea sortzeko egitasmoa dago martxan. Bilera bihar egingo da, 19:00etan, Alondegian

Duela pare bat urte sortu zen Zumaian irrati libre bat martxan jartzeko ideia, herrian hutsunea zegoela ikusirik. Orain, lan batzuk aurreratuta, egitasmoa herritarrei zabaltzea erabaki dute, talde eragileko kide Iñaki Urreizti, Manex Elola eta Axier Etxanizek azaldu digutenez: «Bi urte hauetan gure helburua izan da proiektua martxan jartzeko egin beharreko lan burokratikoa eta teknikoa aurreratzea, behin jendeari aurkezterakoan lan zikin hori guztia egina egon zedin. Estatutuak landu ditugu, elkartea sortu eta erregistratu dugu, eta kontu teknikoak ere aztertu ditugu, baina oraindik badago argitu beharreko kontu garrantzitsu bat: irratiaren egoitza».

Aurreko agintaldian eskatu zioten lokala udalari, baina gaur egun gaia oraindik erabaki gabe omen dago. «Aurreko Udal Gobernuak lokala agindu zigun Bidasoa kaleko bulegoetan, baina gobernu talde berriak lokal hori beste elkarte bati utzi dio eta gu, oraingoz, ezer gabe gaude. Udalari eskaera egin diogu berriro, hitzez zein idatziz, baina oraindik ez dugu bilera egiteko erantzunik jaso. Zain gaude».

Lokala lotuta nahi zuten irratiaren egitasmoa publiko egin aurretik, baina ikusirik gaia luzatzen ari dela, bilera irekia deitu dute biharko, 19:00etan, Alondegian, irratiaren egitasmoan interesa izan dezakeen jendea erakarri eta gai zehatzak lantzen hasteko.

Irrati irekia izango da, euskaraz eta herriko gaiak landuko dituena. Arrosa Sareko kide izango da, eta horri esker eguneroko programazioa osatzeko modua izango dute. «Edonork parte hartzeko aukera izatea da gure nahia, eta horretarako irrati tailerrak antolatuko ditugu, irratigintzaren oinarriak ikasteko», iragarri dute. Irratiaren izena lehiaketa bidez erabakiko dela aurreratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide