Alai auzategian dagoen konpostaguneak kalteak jasan zituen joan den martxoaren 29an. Urola Kostako Udal Elkarteko presidente Igor Iturainek ohar bidez jakinarazi duenez, «ume talde bat konpostagunean sartu eta konpostagailuak puskatu zituen gurasoen begiradapean».
Zumaiako Udaltzaingoak gertatutakoaren berri izan eta, hurrengo egunean, haurren gurasoekin bildu ziren gaia aztertzeko. «Guraso talde honek ardura hartu zuen, beraien umeekin batera, puskatutakoa konpontzeko; eta baita egin ere», azaldu du Iturainek. Alaiko konpostagunea erabiltzeko prest dago berriro.
Gertatutakoaren aurrean, eskaera ere egin du Udal Elkarteko presidenteak: «Akatsak denok egiten ditugun arren, ondoren akats hauek konpontzea betebehar bat da; beraz, Udal Elkartetik eskertuko genuke azpiegitura publiko hauek bere horretan mantentzea eta barrura sartu gabe ibiltzea, gune horietan jarduteko baimena dutenak eta txukun mantentzeaz arduratzen direnak izendatuta baitaude».