Agindutako diru-laguntza eman dio Futbol Federazioak Zumaiako Udalari

Baleike.Eus 2016ko martxoaren 15a

Gipuzkoako Futbol Federazioak agindutako 100.000 euroko diru-laguntza jaso zuen atzo Zumaiako Udalak. Diru hau kiroldegiko eta Aita Mari futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko erabiliko da.

Zumaiako Udalak "esker onez" jaso zuen atzo arratsaldean, Gipuzkoako Futbol Federazioak emandako diru laguntza. Juan Luis Larrea Federazioko lehendakariak eman zion txekea Oier Korta alkateari. Laguntza honen eskaera Zumaiako Futbol Taldeak bideratu zuen duela urtebete, Udalak, futbol zelaiaren belarra guztiz aldatu eta berria jarri ostean. 

Hori dela-eta, Zumaiako Udalak eskerrak eman dizkio kirol elkarteari eta honen zuzendaritzari beren kudeaketa lanarengatik eta lortutako laguntzagatik.

Udalak jakitera eman du jasotako diru hau herriko kiroldegiko azpiegiturak hobetzera zuzenduko dituela. Diru kopuru handiena ur beroaren instalazioa aldatu eta berritzeko erabiliko da, kiroldegiak "osasun irizpide hoberenak" bete ditzan. Gainera, azpimarratu duenez, berrikuntza honi esker, energia aurrezki garrantzitsu bat ere lortuko da. Honez gain, futbol zelaian ere hainbat hobekuntza egingo dira bertako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Informazio gehiago, Baleike.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide