Arrangoletaren historia intimoa

Urola Kostako Hitza 2016ko martxoaren 9a

'Arrangoleta 1945-1951. Memorias de un barrio' liburua argitaratu du Rafael del Pilarrek. Haurra zeneko kontakizunak eta garai hartako pertsonaiak bildu ditu argitalpenean.

Ia hamarkada oso bat iraun duen lanaren emaitza kalean da dagoeneko. Arrangoleta 1945-1951. Memorias de un barrio liburua argitaratu berri du Rafael del Pilar Zufia herritarrak. Liburua R. Otaño, Mandala eta Aizpurua liburu-dendetan eta Itsaski dendan dago salgai, 20 eurotan. Rafael del Pilarrek (Zumaia, 1937) argitaratu duen bigarren liburua da hori. Aurrenekoa 2003ko Arbustain. Garabia gogoan - Recuerdos de una grúa izan zen. Hura bezala, oraingo liburu hau ere autoeditatutakoa da, eta Julian Rubio Urbieta lagunaren bultzadarekin kaleratu du. 388 orrialdeko liburua Roberto Gutierrezek diseinatu eta maketatu du. Liburuan Del Pilarrek haurra zeneko kontuak ekarri ditu gogora, gerraondo gogor hartakoak, eta bere ohiko prosa arin eta zehatzarekin, duela 70 urteko Arrangoleta auzoa nolakoa zen deskribatu du. Orduko Arrangoleta hartatik, gaur ia ez da geratzen eraikinik ezta gertaera batzuen arrastorik ere: Arrangoletako Eskola Nazionala, orduko eskola-giro zapaltzailea eta ikasteko erabiltzen zituzten liburuak; soldaduen destakamentua; Gran Hotel Amaya, gerrako ospitalea ere izan zena; Mataderoa (gaur egun Algorri Interpretazio Zentroa); Itzurungo hondartzako kasetak gordetzeko orubea; Urolako uharridia harriak harraldetik ekartzeko erabili zuten trena; astilleroak eta ontzigintza; kaleak berdintzen ibili zuten dragoia; Villa Ángeles "beldurgarria"; barra eta baliza…; gaur egun, horietako gehien-gehienak desagertuta daude, eta adin batetik aurrerakoenen oroimenean baino ez daude. Baina lekuez eta eraikinez gain, Arrangoletan ibili eta bizi zirenak eta zumaiarrak ditu gogoan Del Pilarrek: Eskolako ikaskideak eta irakasleak, kuarteleko soldaduen joan-etorriak eta tiro-praktikak, "bisitan" etorri ziren Falangeko flechak, Mancisidor buzoa, etxeko eta auzoko bizilagunak, Beobide eskultorea lanean, belaunaldi bereko eta lagun zaharragoak… Pertsona horien guztien pozak, beldurrak, nahiak, jolasak, ametsak, aisialdia… Bizipozak eta bizipenak, bizinahiak bildu dira liburuan. Liburua egiteko, oroitzapenez eta artxiboetako materialez gain, bestelako batzuk ere erabili ditu lanerako: txikitako egunkariak (berea eta Javier anaiarena), ondo gordeta zeuzkan eskolako testuliburuak, Julian Rubio lagunaren Memoriak, propio egindako marrazkiak eta planoak, argazki zaharrak... Herria haur baten begietatik Haurtzarorako bidaia bat dela dio idazleak. Izan ere, haurtzarotik nerabezarorako bidaia horretan gertatutakoak jaso ditu atera berri duen liburu mardulean. "Bizi izan nituen gauzak jaso nahi izan ditut. Esan daiteke Zumaiako gerraostea jaso dudala, baina ume baten begietatik". Zumaiar askorentzako ezezaguna den historia ere jaso du argitalpenean. Nazien ontzi patruilari bat errioan sartu zenekoa, esaterako. "Iluntzea zen eta ibaian barrena zetorrela ikusi nuen. Ordurako, Alemania Bigarren Mundu Gerra galtzen ari zen. Ontzia gaur egun Galdona burdindegia dagoen lekuan geratu zela ikusi nuen. Soldaduak ontzitik jaitsi ziren, eta inguruko enpresa batetik zerbait karriatzen ari zirela ikusi nituen. Ez dakit zer izango zen, ezta nondik ari ziren ekartzen ere". Bere garaian idazten zituen egunkariak kontakizun eta istorio iturri ezin hobeak izan ditu idazleak. "Gaur egun egunkari hori irakurtzean barrez lehertzen hasten naiz. Urteekin kontu txiki hauek idazten joan naiz, eta idatzi ahala kaxoi batean gorde ditut. Manuel Mari Garate izan zen liburua idaztera bultzatu ninduena". Lagun zaharra ondo gogoan du Den Pilarrek. Liburuko epilogoan ere gogoan izan du lagun hori. "Ikusten ginenean, esaten zidan hil aurretik liburua amaituta ikusi nahi zuela, hura zela bere ilusioa. Ordurako bazekien ez zegoela ondo. Eta ez nintzen gai izan liburua ordurako amaitzeko. Orain dela hiru urte hil zen...". Liburuaren 170 aleko tirada bat argitaratu du, gaztelaniaz.  Aurretik bazuen euskarazko 50 aletako beste tirada bat egiteko asmoa, baina, azkenean, azken bertsio hori ez ateratzea erabaki du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide