Big Boy Zumaiako musika taldea hasi da bere bigarren diskoa izango dena grabatzen. Zapasalto izena izango du, eta taldekideen esanetan bospasei kantaz osatuko dute. Grabazioko eta kopien gastuak ordaintzeko finantzaketa kolektibora jo du taldeak.
www.karena.eu webgunearen bitartez lagundu daiteke, eta ematen den diru kopuruaren arabera produktu desberdinak jasotzeko aukera eskaini dute taldekideek.
Hala, 5 eurotik 100 eurora arteko laguntzak eman daitezke. 5 eurorekin disko berriaren kopia digitala jaso ahal izango da; 100 eurorekin, berriz, diskoa eta kamiseta jasotzeaz gain, Big Boyrekin bideo batean ateratzeko aukera ere izango da. Bi horien artean, gainera, hainbat aukera daude. 40 eguneko epean, 1.600 euro biltzea du helburu Zumaiako taldeak.
Seikoteak 2014. urtean atera zuen aurreneko diskoa. Tom Waits, Goran Bregovic, zirkoa eta beste hainbat musika motaren ukituak soma zitezkeen orduko kanta bitxi haietan. Bi urte hauetan aldaketak izan dira taldean: Jose Luis Barredo Txipi-k taldea utzi zuen eta bere lekua Juan Luis Blancok hartu du. "Txipik klarinete baxua jotzen zuen, eta Juan Luisek tuba jotzen du. Horrez gain, organoa ere jotzen du eta aldaketa hori igarri da kanta berrietan", diote Iñigo eta Jon Garcia anaiek.
Taldearen izena zeraman lehen diskoko kanten konposatzaile nagusiak izan ziren bi anaiak. Oraingo honetarako beste dinamika bat hartu dutela diote. "Kanta berriak denon artean konposatu ditugu, entsegu lokalean. Ideia bat izaten genuenean lokalera eramaten genuen. Talde askok dute dinamika hori".
Kantak aurrekoekin alderatuta desberdinak direla aurreratu dute. "Lehen istorioak kontatzen genituen; kanta berriak, aldiz, abstraktoagoak eta psikodelikoagoak dira. Diskoaren azala egiteko orduan ere hori izan dugu buruan".
Musikarekin bakarrik ez, irudiekin ere lan egin dute denbora honetan. "Aurreneko diskoan taldeari buruzko dokumentala zeraman DVD bat ere eman genuen. Disko berri honetarako ere bideo batzuk egin ditugu, baina webgunera igoko ditugu zuzenean".
Zapasalto lanaren izenburuaz galdetuta, honakoa diote: "Obran lanean ari nintzela [Iñigo Garcia arkitektoa da], langile batek erabili zuen zapasalto hitza. Ondo estali gabea esan nahi du. Aurreko diskotik orain arte egindako lana bilduko du disko berriak eta horretarako hitz polita iruditu zitzaidan".