Alegiko Kultur Etxean jokatu zen Gipuzkoa mailako mus finala otsailaren 20an. (EHko Mus Txapelketa)
Larunbatean Zuberoako Urdiñarbe herrian Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatuko da. Zazpi lurraldeetako muslari onenak bilduko dira hitzorduan, tartean Orioko Ibai Peña eta Aitor San Sebastian, Zestoako Eladio Leturiondo eta Jon Gonzalez, Zumaiako Iraitz Mujika eta Urtzi Larrañaga eta Josu Garate eta Juan Joxe Irigoien.
Otsailaren 20an Alegiko Kultur Etxean jokatu zen lurraldeko finalean sailkatu ziren eskualdeko lau bikoteak final handirako. Dena dela, azaroan abiatu zuten ibilbidea; 250 herritan jokatu dira kanporaketak, eta bi mila bikote inguruk parte hartu dute denera.
Zehaztapenak
Larunbateko goizean abiatuko dute txapelketa. Parte-hartzaileak Urdiñarbeko Herriko Etxean bilduko dira, eta izena eman beharko dute bertan. Ondoren, hasiko da mus txapelketa herriko plazan, eta goizean zehar ligaxka motako lehia jokatuko dute taldeka banatuta. Hamaiketakoa eta gero, talde bakoitzeko garaileak elkarren artean lehiatuko dira, eta bazkalondoren zortzi bikotek finala jokatuko dute Xixtera ostatuan.