Zumaian otsaileko ohiko udalbatzarra egin zuten ostegunean (otsailaren 25ean). Gai zerrendako proposamen ia denak alderdi guztien (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) adostasunarekin onartu dira.
Proposamenen orduan, eta martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunari begira, Eudelek igorritako adierazpen instituzionala eraman zuen Udal Gobernuak (EAJ) plenora. (Adierazpena
hemen irakurri dezakezue). Bozkatu aurretik, EH Bilduko Nerea Eizagirrek hitza hartu zuen eta adierazpenean hiru puntu txertatzea eskatu zuen.
Zinegotziak pozgarria ikusi zuen adierazpena aurkeztu izana eta, bere esanetan, "Zumaiako Udalean ordezkatuak gauden talde politiko guztiok berdintasun erreala lortze bidean pausoak eman behar dituzte". Adierazpen instituzionala "hutsean ez gelditzeko" eta berdintasunaren bidean "konpromiso zehatzak eta egingarriak" garatzeko, hiru proposamen "sinple eta erabat egingarriak" aurkeztu zituen. Udaletik bultzatu den Hiri debekatuaren mapa prozesuan kokatu zituen proposamenak.
Lehen proposamenean, emakumeen ikusgarritasuna bultzatu beharra jaso zuten. Zinegotziak adierazi zuenez, Zumaiako espazio publikoan, "egun desoreka itzela" dago: 75 kaletik, 21ek gizonen izenak dituzte eta bostek besterik ez emakumeena, "horietatik hiru erlijioari lotuta, ez ziren emakume horiek errealitatean existitu. Ardantzabideko auzo berrian oraindik izenik ez duen plazari gizartearentzat ekarpena egin duen emakume erreferente baten izena jatzea proposatu zuen. Saregileak, Elvira Zipitria, Etxekoandreak edota Lucia Lacarra bezalako izenak jasotzen dira proposamenean, "baina bertako bizilagunekin eta udaleko talde politiko guztien ordezkariekin adostu beharko litzateke izen zehatza".
Bigarren puntua ere ildo beretik doa eta Oikian, plaza edo kaleren bat Iñaxi Etxaberen izenarekin izendatzea proposatu zuten. "Lehenengotako emakume bertsolaria izanik, eta oraindik ere bizirik dagoenez, oraintxe bertan gauzatu beharreko proposamena da".
Aipatutako Hiri debekatuaren mapa diagnostikoan oinarrituta, plangintza zehatz bat eskatu zuen hirugarren proposamenean, "urte erdiko epearekin (2016ko martxoa-urria) jada egina dagoen diagnostikoki emaitzak hemendik aurrerako hiriginza planetan nola txertatuko diren zehazteko eta egungo espazio publikoan zenbait zuzenketa egiteko".
EAJ-PNV eta PSE-EE ados
Proposamenak harrera ona izan zuen beste bi alderdietan. Hala, Oier Korta alkateak azaldu zuenez, "muinean ados" zegoen proposamenarekin. Plenoa ez da toki egokiena onartzeko, baina ados gaude puntu hauen inguruan lan egiteko. Batzordetan landu beharko lirateke". Hirugarren puntuari dagokionez, energia-auditoretza bat burutzen ari direla informatu zuen, "egon daitezkeen puntu beltzetan" eragina izan dezan.
PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañon ere ados agertu zen hiru proposamenekin. "Ikusten da desfasea dagoela kale-izendegian eta ikusten bada plaza bat izenik gabe dagoela, egokia da emakume baten izena jartzea. Oikian Iñaxiren izena jartzea leku bati oso egokia da".
Osteguneko Zumaiako plenoaz gehiago irakurtzeko
Baleike.eus.