Eguraldi petralarekin jokatu dute gaur VIII. Zumaia Saria txirrindularitza lasterketa, Hegoaldeko afizionatu mailako errepideko denboraldiari hasiera eman diote Zumaiakoarekin. Irteera puntura agertu diren 173 txirrindulariek haize, euri eta hotzari aurre egin behar izan diote.
122 kilometroko bidea egin behar izan dute txirrindulariek. Eguraldia dela-eta, erorikoak izan dira, baina ez larriak. Lasterketan zehar izan dira ihesaldi saiakerak, baina azken itzuliaren aurretik pelotoia igaro da Axular ibiltokiko helmugara. Bazirudien sprintean erabakiko zela lasterketa, baina aurten, azken itzulian, bi txirrindularik ihes egitea lortu dute. Hala heldu dira bukaerara. Azkenean erasoa jo du Aldro Team taldeko Julen Amarikak eta 2:48:38 denborarekin irabazi du. Bigarrena Lizarte taldeko Jaime Castrillo izan da, bi segundora, eta hirugarrena Aldro Teameko Miguel Angel Fernandez.
Aldro Manolo Saizek sortutako talde berria da eta gaurko proban David Etxeberria txirrindulari ohia aritu da zuzendari.
Arazoak behin lasterketa amaitutakoan sortu dira. Epaileek hainbat txirrindulari deskalifikatu dituzte dortsalak estalita zituztelako. Horien artean zen sprintean pelotoiaren buruan sartu den txirrindularia. Berez, hirugarren postua zen beretzat, baina dortsala estalita eramateagatik deskalifikatua izan da. Hori horrela, taldekako saria Lizartek eskuratu du, Gomur-Liebana eta Parking Geltokiaren aurretik.
Gehiago irakurtzeko
Baleike.eus.