Jose Felipe Larrazabalek eta Sonia Albarezek irabazi dute Zumaiako Txakur Krosa

Gorka Zabaleta 2016ko otsailaren 8a

Zumaiako Txakur Krosa jokatu zen igandean (Gorka Zabaleta). Basusta gainean jokatu da aurten Zumaiako Txakur Krosa, San Lorenteko aldapa jaistean izaten ziren erorketak saihesteko, batik bat. Baina segurtasunaz gain, bizitasuna ere eman dio ibilbide berriak lasterketari. Jose Felipe Larrazabal irabazleak berak hala adierazi zuen helmugaratu bezain pronto. «Ibilbide hau gehiago gustatu zait, igoera eta jaitsiera gehiago ditu, askoz erakargarriagoa da. Korrika oso azkar egiteko tarteak daude ordekan, baina lau igoera ere bai tartean eta gogorrak egiten dira lokatzarekin». Sonia Albarezek ere ontzat jo zuen ibilbide aldaketa. «Korrikalariei galdetzen badiezu denek esango dizute asko gustatu zaiela. Igoerak eta jaitsierak dauzka eta korrika egiteko oso egokia da». Ikusleentzat ere aproposa da lasterketa jarraitzeko. Igandean, eguraldi txarragatik edo, ez zegoen jende asko Basustako gainean, baina kaletik bertatik bertara dago, eta bi igoerak ikusteko aukera ematen du lekutik ia mugitu gabe. Ikusle gehienak, baina, helmuga aldean bildu ziren korrikalarien zain. Eta lehena iristen Jose Felipe Larrazabal izan zen, Gringo txakurrarekin. Larrazabalek azken jaitsieran egin zien hanka Mikel eta Pedro Etxeberria anaiei. «Hasieratik laukote batek egin dugu aurrera. Mikel Etxeberria joan da buruan tiraka. Nik taldean jarraitu dut, eta azken igoera gainditu dugunean, jaitsieran, erritmoa estutu eta han lortu dut tarte bat egitea, sei bat segundokoa, eta aurrena iritsi naiz helmugara». Bigarren postuan Mikel Etxeberria sartu zen, Pedro anaiaren aurretik. Bien artean lehia estua zegoen aurten estreinakoz Espainian antolatu den Iparreko Ligarako. Eta bukaera ezin estuagoa izan. Zumaiakoa zen azken lasterketa eta bi anaiek berdinduta amaitu dute sailkapen nagusia. Hala ere, azken sailkapena osatzeko lau proba onenek puntuatzen dute eta horrela Mikel Etxeberriarentzat izan da garaipena. Bizikleta eta patinean Txakur Kroseko lasterketa nagusiaren aurretik bizikleta eta patin lasterketak jokatu ziren, beti ere txakurrekin lagunduta. Hauek itzuli bakarra eman zioten ibilbideaari —korrikakoan bi itzuli izan dira—, 4.300 metroko lana. Bizikletako lasterketan Ramon Cid (12:44) izan zen aurrena, Pedro Etxeberria eta Jaime Olaizolaren aurretik. Lehen emakumea Leire Fernandez izan zen, zortzigarren postuan. Patinen lasterketa Bautista Urtasunek irabazi zuen. Kimetz Etxabe gaztea zihoan aurretik, baina azken igoera baino lehen atzeko gurpila galdu zuen eta ezin izan zion lehen postuari eutsi. Hirugarren izan zen Kimetz patin lasterketan. Baina horrekin nahikoa ez eta jarraian korrikako saioan hartu du parte eta lehen juniorra izan zen. Bizikletan eta txakurrarekin (Gorka Zabaleta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide