Mendiaz gozatzeko makina bat aukera emango ditu Inda-Mendik

J. L. Romatet 2016ko urtarrilaren 26a

Zumaiako mendi bazkunak 2016. urteko egitaraua prestatu du, hogei irteera ingururekin .Mendizaleek Zuberoan ezik, Euskal Herriko herrialde guztietan egingo dituzte mendi irteerak.

Inda-Mendiko kideak, urtarrilaren 17an, Kalamuan. (Inda-mendi) Hilaren 17an egin zuten Zumaiako Inda-Mendi mendizale elkarteko kideek aurtengo aurreneko mendi irteera. Kalamua mendia igotzeko asmoarekin, oraindik ilun zela, abiatu ziren Zumaiatik. Mendiaz gozatzeaz gain, kirola egiteko ere antolatu zuten irteera. Urkaregi parean autobusetik jaitsi eta 771 metroko garaiera duen Kalamua igo zuten. Elurretan ibiltzeko aukera paregabea ere izan zuten Gipuzkoa eta Bizkaia artean dagoen tontor horren magalean. Arratera jaitsita amaitu zuten urteko eta Inda-Mendi bazkunaren denboraldiko lehen ibilbidea. Hogei irteera inguru antolatu ditu Zumaiako mendi bazkunak hasi berria den denboraldi honetarako. Ohikoa den bezala, urteko lehen eta azken irteerak goiz bueltak izango dira, eguzkia garai horretan azkar ezkutatzen baita. Udaberriarekin eta ordu aldaketarekin batera hasiko dira egun osoko mendi irteerak antolatzen. Mendi irteerak Euskal Herriko mugen barruan egingo dituzte aurten. Herrialde denetan izango dira ibilaldiak, Zuberoan ezik. Horiez gain, eta nahiz eta egitarauan zehaztu ez duten, ziur aski egingo dute irteeraren bat euskal mugaz haragoko mendikateren batera. Aurreko urteetan, San Pedro jaiekin batera, bizpahiru eguneko irteerak egin izan dituzte eta egitarauan data horretarako hitzordua jarrita dute, zehaztasun gehiagorik gabe. Mendiz mendi Urtarrilaren 31n, hil honetako bigarren ibilaldian, Lapurdira joango dira Mandale (573 m.) igotzera. Otsailaren 14an Bizkaian izango dira, Baldaburu (469 m.) igotzen, eta otsailaren 28an Araban, Jarindo mendian (895 m.). Martxoan, 13an, haur ibilaldi neurtua egingo dute, eta bi aste ondoren, 27an, Zumaiako Bira. Apirilaren 17an egingo dute lehen egun osoko irteera. Nafarroara joango dira egun horretan, Ireber (1.208 m.) mendia igotzeko asmoarekin. Irteera horien berri www.indamendimb.eus webgunean iragartzen dute. Irteeratan ateratako argazkiak ere bertan zintzilikatzen dituzte mendizaleek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide