Baleike.eus atariak jakinarazi duenez, gizon bat hil da gaur, osteguna, iluntzean Zumaian, trenak harrapatuta. 48 urte zituen hildakoak eta zumaiarra zen.
Trena Arroatik Zumaia aldera zihoan 19:50 aldean, eta Kantera baserritik gertu jazo da ezbeharra. Baleikek adierazi duenez, trenbidearen erdian zegoen gizona, eta gidaria trena gelditzen saiatu bada ere, denborarik eman ez eta harrapatu egin du. Momentuan hil da trenak harrapatu duen gizona.
Larrialdietako zerbitzuek tren gidaria artatu behar izan dute, antsietateak jota zegoelako, eta erietxera eraman dute. Tren zerbitzua etenda egon da ordubete inguruz, baina dagoeneko martxan da berriro.