https://vimeo.com/149873096
Jon Maiak zuzendutako Gutik ZURA (Iragana, Orain, Etorkizuna) dokumentala grabatzen hasi dira. Proiektua garatzeko dirua eskuratzeko bilketa hasi zuten
crowdfunding sistemaren bidez, baina ez zuten behar adina diru eskuratu. Dena den, proiektuarekin aurrera egitea erabaki dute, eta hasi dituzte grabaketak. "Egurrak izan duen garrantzia jendarteratzeko" jarri dute proiektua abian. Maiak hainbat lagun izango ditu bidelagun proiektuan, hala nola Juantxo Sardon argazki zuzendaria eta Peio Ramirezen musikaria. "Gure kulturan sustraitutako elementua izanik, gure paisaiaren parte eta gure izakeraren islada, gaur egunean merezi duen tokia galduz doa", azaldu dute proiektuaren sustatzaileek haren webgunean.
Lanaren helburua "egurraren esentzia berreskuratu eta etorkizunari begira jartzea" dela jakinarazi dute: "Gizarte moderno baten ardatza izan behar da zura alor guztietan; basoen kudeaketan, energian, artean, eraikuntzan, irakaskuntzan, aisialdian, paisaian, industrian, musikan, nazioarteratzean eta abar. Garai batean genuen ezagutza paregabea, jende guztiaren eskuetan jarri eta egurrarekiko dugun lotura eta maitasuna indartu beharra dago".
Grabaketekin hasi dira jada. Euskal Herria grabatu zuten udazkenean, eta neguan Europako hainbat herrialdetara bidaiatuko dutela jakinarazi dute, "toki horietan dituzten adibideak ekarri eta Euskal Herriak herrialde haietan izan duen eragina erakusteko". Proiektuaren webgunean esan dutenez, ez dute "soilik natura" erakutsiko dokumentalean: "Gizarteko alor ezberdinetan egurraren presentzia nabarmenduko da, industriatik hasi eta hezkuntzaraino".
Hiruzpalau lagun izango dira dokumentalaren ardatz, eta euren bizipenak kontatuko dituzte bertan. Horrez gain, mundu osoko hainbat pertsona ere sartuko dituzte istorioan; modu horretan, euren iritziak eta esperientziak plazaratzeko.