Jose Maria Zubia Zigaran
Aita Mari itsasoak irentsi zuela 150 urte bete ziren larunbatean. Haren oroimenezko ekitaldia antolatu zuten Donostiako kaian daukan irudiaren parean.
Itsasoak Donostiako Santa Klara irlaren parean eraman zuenetik 150 urte pasa diren arren, ondo gogoan dute oraindik Jose Maria Zubia Aita Mari Donostian. Marinel zumaiarraren oroimenezko ekitaldi xume bezain polita egin zuten larunbat eguerdian Donostiako kaian, eta han izan ziren Donostiako alkate Eneko Goia eta Aldundiko kultur diputatu Denis Itxaso, Untzi Museoko eta Aquariumeko ordezkariekin batera. Zumaiako ordezkaritza ere ez zen falta izan. Gotzon Enbil zinegotzia izan zen Udalaren izenean, eta Beheko Plaza abesbatzak bi kanta abestu zituen,
Boga eta
Kresaletan. Txalo zaparrada jaso dute, eta publikoan zegoen zumaiar bati malkoren batek ere egin dio ihes, boga boga marinela entzutean, amaieran aitortu duenez... Donostiako Txistulari Bandak ere hartu du parte, eta lore eskaintzarekin osatu da ekitaldia.
Ekitaldia bukatu zenean, Aita Mariren eredua goraipatu zuten Eneko Goiak eta Denis Itxasok. "Elkartasunaren eredu" jo zuen Goiak. Itxasok azpimarratu zuen beharrezkoa dela pertsona eredugarriak gogoan izatea, "ahazten duen herriak ez duelako sekula ikasiko". Eta galdera bota zuen: "Nire buruari galdetzen diot, 150 urte eta gero, posible ote den gaur egun Aita Marirena bezalako historia bat; baietz pentsatu nahi dut, premia duenarekin eskubazal jokatzeko gai garela gaur egun ere, baina...".
Kaiko ekitaldia amaitu zenean, Alde Zaharrera jo dute Beheko Plaza abesbatzako kideek, eta han jarraitu zuten kantuan. Bazkalordurako bueltatu ziren Zumaiara eta, goizari amaiera jartzeko, Erribera kantoiko Mariren irudiari Boga kantatu zioten berriro.
Zumaian urtean zehar
Zumaian hainbat ekitaldi egingo dira urtean zehar Aita Mari gogoratzeko. Asteburu oso jaia antolatuko da bere omenez, herriko hainbat talderen parte-hartzearekin. Data jartzeko dago, baina uztail aldera izango da ziurrenik. Horrez gain, Aita Mariri buruz egon daitekeen informazioa bildu nahi da, gaur egun argitaratuta dagoena osatzeko; hitzaldi zikloa ere antolatu nahi da.
-
BIDEOA: Beheko Plaza Abesbatza Donostian kantuan
-
Aita Mariren omeneko ekitaldiko argazkiak