Azpeitian azoka plazako obrekin jarraituko dute 2016an, eta Hirigintza sailera bideratutako aurrekontua hazi da halako lanetarako. (E. Albizu Lizaso)
2016a hasterako onartu dituzte Urola Kostako zenbait herrietan udal aurrekontuak. Abenduaren bukaeran eginiko ezohiko udalbatzetan bozkatu dituzte, esate baterako, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumaiako erakundeetako diru-poltsak. Azkoitiko eta Azpeitiko udalek iaz baino diru gehiago aurreikusi dute aurrekontuetan; eta gutxiago, berriz, Zumaiako erakundeak. Azkoitiko Udalak 13.237.000 euroko aurrekontua izango du, iaz baino 345.000 gehiago. Azpeitian, 19.233.516,72 euroko aurrekontua onartu dute, 2015ekoa baino handiagoa: 870.623 euro. Zumaian, 13.364.865 eurokoa da aurrekontua, duela urtebete baino 316.433,12 euro gutxiagokoa.
Azkoitiko Udalak baserribideak eta kaleak konpondu eta argiteria berritzea izango du xede; hirigintzako lanak, batik bat. Ildo beretik joko du Azpeitiko Udalak ere; izan ere, 1.762.000 euro gehiago bideratu dituzte Hirigintza eta Ingurumen sailera. Zumaiako erakundeak "zerbitzuak bermatzea, bizi-kalitatea hobetzea, herria txukun mantentzea eta zerbitzu sozialak indartzea" ditu xede, besteak beste. Erakunde horrek %14 murriztu du euskarara bideratutako diru-partida, eta %82, berriz, Urola Kostako Hitza-ri dagokiona. Honakoak dira, udalerriz udalerri, datu nabarmenenak:
Azkoitiko Udala
Iriarte kalerako partida bat jarriko du Azkoitiko Udalak. (I. Elorza)
Abenduaren 23ko ezohiko batzarrean onartu zituzten 2016ko udal aurrekontuak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Azkoitia Baik kontra bozkatu zuten. Ana Azkoitia zinegotziak zerrendatu zituen EAJren ildo nagusiak. Aurretik azaldu bezala, herriko «premiazko lanei» erantzutea izango da da udal gobernuarentzat lehenatasuna datozen hilabeteetan.
Ana Azkoitiak honako lan ildoak nabarmendu ditu: "Argiteri sistemaren hobekuntza eta eraginkortasun energetikoa, kale eta espaloien txukundu eta konpontzea, baserribideen konponketa, ekonomiaren suspertzea eta integrazio politiken sustapena". Azaldu duenez, azpiegiturak, ekonomia eta elkarbizitza dira "indartuta ateratzen diren alorrak".
Argiteria hobetzeko lanetara 100.000 euro bideratuko ditu udalak. Zenbatekoa "handia" izanda ere, "arazoa behin betiko" konpontzeko nahikoa ez dela azaldu du zinegotziak, beraz, hobetze lanak faseka egingo dituzte. Kaleak eta espaloiak konpontzeko 150.000 euro bideratuko dituzte, eta beste 70.000 euro Iriarte Margolaria eta Ama Josefa kaleak txukuntzera. Baserribideetara denera 225.000 euro bideratuko ditu udalak.
Euskara alorrari dagokionez, aurrekontua "moldatu" egin dutela azaldu du udalak. Euskara eta euskarazko taldeentzat 157.755 euro aurreikusi dituzte, iaz baino 22.500 euro gutxiago.
Hauteskunde kanpainan jakinarazitako programa "betetzea" da EAJren helburua: "Herritarrek gure programaren alde bozkatu zuten, eta hori da guk zor dieguna».
EAJk aurkeztutako aurrekontu proposamenak bi emendakin jaso ditu: EH Bilduren zatikako zuzenketa eta Azkoitia Bairen osoko zuzenketa.
Argiteria hobetuko dute Azkoitian eta Zumaian. (E. Albizu Lizaso)
EH Bilduk euskara, gazteria eta berdintasun alorretako zuzenketak auzkeztu ditu. Idoia Uranga bozeramaileak azaldu zituen proposamenak: "Euskara sustatzeko beharrezkoa ikusten dugu azkoitiarrek euskara ikasteko diru laguntzak hobetzea, izan ere, beharrezkoa da euskara biziberritzeko. Bestalde, euskararen alde lan egiten duten taldeei diru laguntzak handitzeko premia ikusten dugu, batez ere, Maxixatzen herri aldizkariaren kasuan. Euskarazko herri hedabide bakarra izanda, tresna eraginkorra da euskararen normalizaziorako".
Gazteei dagokionez, egun bizi duten "egoera ezegonkorra" ikusita, alokairurako diru laguntzak mantentzea beharrezkotzat jo du EH Bilduk. Berdinasunean, berriz, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunei aurre egiteko berdintasun politikak indatzea "ezinbestekotzat" jo ditu.
Joakin Etxaniz zinegotziak azaldu dituen Azkoitia Bairen proposamenak. Hala, "euskarari" eta "pertsonei" garrantzi gehiago ematea eta "herritarraren parte hartzea" sustatzea dute helburu.
Azpeitiko Udala
Soreasu antzokia kontuan izateko eskatu du EAJk. (E. Albizu LizasoSoreasu antzokia kontuan izateko eskatu du EAJk. (E. Albizu Lizaso)
EH Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dituzte 2016ko udal aurrekontuak Azpeitiko Udalean. 2015eko aurrekontuetarako erabilitako dirua baino gehiago izango dute aurten: 870.623 euro gehiago. "Ekonomia, eskubide sozialak eta azpiegitura iraunkorrak" izango dituzte ardatz, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera. Abenduaren 29an eginiko ezohiko udalbatzan onartu zituen Azpeitiko Udalak 2016ko aurrekontuak.
Etxeberriak jakinarazi du "positiboki eragiteko" aurrekontuak direla onartutakoak, eta "edozein proiektu" garatzeko prest dagoela erakundea, bere eskumenen barruan bada eta herritarrentzat ona dela ikusten badu. Udala "egoera ekonomiko hobean" dagoela jakinarazi du alkateak, azken agintaldian "zailtasun ekonomiko handiak" izan ondoren. Egoera hobetu izanak ahalbidetu du aurrekontua haztea, baina "zuhurtziaz" jokatu dutela azaldu du Etxeberriak.
Enpleguan eta formazioan eragitea, eta babes eta eskubide sozialak bermatzea bilatuko du erakundeak 2016an.
Aurrekontuetako igoera nabarmenena Hirigintza eta Ingurumen sailekoa izango da. 1.762.000 euro gehiago izango ditu 2016an, 2015arekin alderatuz gero. 2015ean 1.384.500 euro bideratu zituzten sail horretara; eta 3.146.500 euro, berriz, 2016rako. Proiektuen artean hauek aipatu dituzte: igerilekuko eta azoka plazako obrak bukatzea, Gune Berdeak eratzea Goenan eta Esklabetan, Urrestillako bidegorriaren dagokion zatia egitea, etxebizitza beharrak aztertzea edota Soreasurekin lanean jarraitzea.
Horrez gain, 220.455,76 euro gehiago bideratu dira euskara eta hezkuntzara, eta 208.695,48 euro gehiago Langileria eta Antzolakuntza sailera. Euskara eta Kirol Patronatuetara ere diru gehiago bideratuko dute. Jaitsierak daude, esate baterako, Ogasunean, 153.554,75 euro gutxiago, edo zerbitzu orokorretan, 129.098,57 euro gutxiago. Horiek dira datu esanguratsuenak.
"Ardatz nagusiekin ados" dagoela jakinarazi du EAJko udal taldeak. Halere, abstenitu egin da bozkaketan, honako eskaerak eginda: hirugarren adineko pertsonentzat mantenimendurako gimnasia egiteko parkea jartzeko partida jartzea. Esklaba ingurua proposatu dute horretarako. Bestalde, Soreasurekin apustua egiten jarraitzea eskatu zuten, baita Basazabal balioan jartzea ere. Betharrametako eraikina berritzeko lanak abiatzea ere eskatu du EAJk, eta aldarrikatu du hondakinen bilketa egiteko sistema zehaztea.
Zumaiako Udala
13.364.865 euroko aurrekontua onartu dute Zumaiako Udalean EAJ eta PSE-EE taldeek. EH Bilduko bost hautetsiek proposamenaren kontra eman dute boza. Hau da, aldeko zazpi boto eta aurkako seirekin onartu dute diru-poltsa. Horrenbestez, iaz baino 316.433,12 euro gutxiago erabiliko dituzte.
Irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte Zumaian. (J.L. Romatet)
Oier Korta Zumaiako alkatearen arabera, honakoak dira erakundearen helburuak: "Herritarrei eskaintzen zaizkion zerbitzuak bermatzea, haien bizi-kalitatea hobetzea, herria txukun eta garbi mantentzea, eraikin publikoak behar bezala mantentzea, kale mantenua eta garbiketa, parkeak, lorategiak, argiteria publikoa eta abar". Haren hitzetan, "herritarren ongizatea» da lehentasuna, "Plan Estrategikoko ondorioetan zehazten den bezala".
Bide publikoen mantenuan, haur parkeetan edo turismoko pertsonal errefortzuan diru gehiago inbertituko dute. Hirigintzako lehentasun bezala azaldu du, San Jose kaleko irisgarritasuna bermatzeko 350.000 euro bideratuko direla. Horrez gain, 231.000 euro bideratuko ditu udalak Artadira, 52.000 euro udal eraikinetarako, 80.000 euro plan estrategikorako, 150.000 euro bide publikoen hobekuntzarako eta 30.000 euro hondartzako azpiegituretarako.
Bestalde, Enplegu sustapenerako 30.000 euroko diru partida bat bideratzea erabaki du, Mankomunitatearekin elkarlanean. Gobernu organoen soldatak 31.882,01 euro igoko dira, pasa den urteko kontuekin alderatuta.
Udal brigadan bi lanpostu kendu dituzte: ofizial bat eta peoi bat. Brigadan, hain zuzen, 74.565 euro gutxiago erabiliko dituzte; 45.552 euro gutxiago Ingurumen sailean; eta 13.050 euro, Berdintasun, Aniztasun eta Gazteria sailean. Zumaiako Udalak Euskara sailera 36.722 euro gutxiago bideratu ditu aurtengoan, eta 23.650 euro gutxiago jasoko ditu Urola Kostako Hitzak ere, iaz baino %82 gutxiago, hain zuzen ere.
Osotasunezko emendakina atzera bota ondoren, zatikako lau emendakin aurkeztu zituen EH Bilduk: Familia, haur, nerabe eta gazteak zerbitzurako gizarte langile bat kontratatzea, Urola Kostako Hitza-rentzako diru laguntza lehen zegoen bezala mantentzea —28.600 eurotik 5.000ra jaitsi du orain EAJ alderdiak—, ingurumenerako kontzientziazio eta sentsibilizaziorako diru partidak mantentzea eta Gaztetxolaren lekualdatzeko proiektua idazteko diru bat aurreikustea.