Urte erdi inguruan hizketan aritu ondoren, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Zumaiako Udalak eta Zumaiako Futbol Taldeak ostegun iluntzean sinatu zuten Aita Mari futbol zelaia hobetzera bidean egin duten akordioa. Hitzarmen horren arabera, Juan Luis Larrea buru duen federazioak 100.000 euroko diru kopurua emango du futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko.
Aurtengo Aste Santuan berritu zuten zaharkituta zegoen Aita Mariko zelaia. Ricardo Peña alkate zela, 1999-2003 agintaldian jarri zuten belar artifiziala Aita Marin. Makina bat futbol partida jokatu ziren ordutik, eta zelaia gastatuta zegoen. Lan hauek 161.322 euroko aurrekontua izan zuten.
Zelaia egoera hobean dago, zalantzarik gabe. Baina hori hala izanda ere, zer hobetu badagoela eta berritzea dagoela uste du Zumaiako Futbol Taldeak. Horregatik, orain sei hilabete inguru Gipuzkoako Futbol Federazioarekin harremanetan jarri ziren futbol klubekoak. Hizketaldi haien ondorio da pasa den astean udaletxean sinatu zuten akordioa. Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente eta Espainiako Futbol Federazioko idazkari Juan Luis Larreak, Zumaiako alkate Oier Kortak eta Zumaiako Futbol Taldeko presidente Jose Antonio Gorostola
Txiki-k sinatu zuten hitzarmena.
Federazioak aurrez beste herri batzuetako futbol zelaietan lanak egiteko dirua bideratu du, Debakora eta Azkoitikora, adibidez: Deban aldagelak hobetu zituzten eta Azkoitian argiteria sistema. «Orain hiru Z-tan gaude lanean: Zarautzen, Zumarragan eta Zumaian», azaldu zuen Larreak.
Kinieletako dirua
Adierazi zuenez, futbol federazioak ez du inbertsioak egiteko partida ekonomikorik. «Madrildik, kinieletatik, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak bideratzen digun diru kopurua erabiltzen dugu horretarako. Une honetan diru partida hori blokeatuta dago, baina 2016an zehar erabilgarria izango delakoan gaude, eta horregatik sinatu dugu konpromiso hau». Behin partida hori desblokeatzen dutenean 100.000 euro jasoko ditu Zumaiako Udalak futbol zelaiko azpiegiturak hobetzeko. Kopuru hori datorren urteko aurrekontuetan sartuko dutela zehaztu du Oier Korta alkateak.
Dagoeneko Aita Marin lan batzuk egin izanaren jakitun dela adierazi zuen Larreak, «baina badaude beste zenbait leku hobetzeko beharra dutenak». Horren harira, Txiki Gorostolak aldagelak handitzeko ideia luzatu zuen, «eta ezkerraldeko horman (Institutu aldean dagoenean) puntadun adreiluak lisatzea. Arriskutsua dago gaur egun. Aurreko batean futbol jokalari batek horma horren kontra jo zuen, eta ondorioz ahoan zauriak izan zituen».
Datozen asteotan Madrildik arkitekto bat etorriko da Zumaiako futbol zelaia ezagutzera eta aztertzera, hala gaineratu z zuen Larreak, futbol federaziokoak.