Indarkeria matxistaren aurka Zumaia kolorez jantziko dute

Izaskun Urbieta 2015eko azaroaren 19a

’Indarkeria zintzilikatuz’ kanpaina jarri dute martxan Zumaiako hainbat eragilek

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun horren bueltan egitarau bat prestatu dute Zumaian, eta horren berri eman dute. Gainera, udaleko Gizarte Zerbitzuetan artatu dituzten kasuen berri ere eman dute. «Egunero egin behar dugu horren inguruko lana. Eta gure foroaren asmoa politikariek eta erakundeek berdintasun politika egokia garatzea da», adierazi du Tere Eizagirre Zumaiako Berdintasun foroko kideak. Aurten bost kasu berri tratatu ditu Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuak. «Lehenengo gauza emakume hauei harrera egitea izan da, eta ondoren  informazioa helaraztea», azaldu du  Cristina Vicente Berdintasun teknikariak. Bost horietatik hiruk laguntza psikologikoa behar izan dute, eta behar izan duten jarraipena egin diete denei. Protokolo integrala Pertsona horien profilak berdintsuak izan dira kasu gehienetan. «Egoera oso larrian etorri dira. harremanik eta babesik gabe, eta zailtasun handiak izan dituzte euren errealitatea eta egoera onartzeko», adierazi du Vicentek. «Prozesua oso luzea izaten da, normalean ez dutelako salaketarik jartzeko beharrik ikusten, eta behin harrera jasotakoan erabakitzen dute zer egin». Udalak emakumeenganako indarkeriaren aurkako protokolo integrala martxan duela gogorarazi nahi izan du Vicentek. «Protokoloaren helburu nagusia Zumaian dauden emakumeen kontrako indarkeria gertaeretan esku hartzen duten eragileentzako eredu normalizatu eta homogeneoa ezartzea da. Goiz detektatzeko, eta detektatutako indarkeria kasuak baloratzeko, jarduteko eta jarraipena egiteko. Horretarako baliabideak eta tresnak ematea da gure nahia». Kanpaina koloretsua Udaletik bultzatuta Indarkeria zintzilikatuz kanpaina jarri dute martxan Haurralde Fundazioarekin, Berdintasun Foroarekin, Asanblada Feministarekin eta Malen Etxearekin elkarlanean. «Proiektuaren helburua, indarkeria matxistaren aurkako borroka kolorez janztea da», kontatu du Haurraldeko Cristina Ruedak. Emakundek babestutako ekimen honetan, hainbat eskolekin eta emakume talderekin egin dute lan. «Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatzea delako gure asmoa», esan dute. Hezkuntzan ere lanketa Eskolek ere  badute zer esana gai honetan, eta Zumaiako eskoletako arduradunek egun hauetan lanketa berezia egingo dute. Ruben Bengoetxea Institutuko orientatzaileak esan duenez, «hezkidetzako hiru irakaslez osatutako taldea daukagu eta astero elkartzen gara hainbat gaitaz hitz egiteko. Aste honetan eta hurrengoan, eskoletakook egingo dugun giza katearen inguruan hausnartzeko denbora hartuko dugu, eta baita hor jarriko den abestia lantzeko ere». Idoia Agirrezabalaga Herri Eskolako zuzendariak, urte osoan landu behar den gaia dela dio, baina nazioarteko egunaren harira, unitate didaktiko bereziak egingo dituztela azaldu du. Ildo horretatik, irakasleen lana garrantzitsua dela aipatu du Inma Eizagirre Maria eta Jose ikastetxeko orientatzaileak. «Gure ikasleei zabaltzen dizkiegun mezuak zeintzuk diren jakin behar dugu. Gazteekin egiten dugu lan, badakite zer den genero indarkeria baina estereotipoak barneratuta daude oraindik eta horiek puskatzea zaila da. Eskolan ikusten da hori, eta horregatik gure lana garrantzitsua da». Agirrezabalaga ere bat etorri da Eizagirrerekin: «Detailekin ohartu behar gara, gauza txikiei begiratuta eta ez ikusiarena egin gabe. Bestela gainezka egiten du egoerak».
EGITARAUA - Azaroak 19, osteguna. 18:30ean, Alondegian. Nola lantzen dute komunikabideek indarkeria matxista? solasaldia. Ele bitan. - Azaroak 21, larunbata. Emakunderen autobusa Beheko plazan egongo da, eta bertan honako tailerrak egingo dira: - 11:00etan, Indarkeria sexistaren inguruko tailerra. - 12:30ean, sexu eta ugalketa eskubideetan indarkeria tailerra. - 17:30ean, Palestinaren inguruko tailerra, UNRWA Euskadirekin: Zer indarkeria jasaten dute emakume palestinarrek? - Azaroak 22, igandea. 19:00etan, Gaztetxean. Zine forum feminista. - Azaroak 24, asteartea. 18:30ean, Indarkeria matxista: atzo, gaur eta bihar hitzaldia. - Azaroak 25, asteazkena. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. - 11:00etan, Zumaiako ikastetxeetakoekin giza katea. - 19:00etan, elkarretaratzea, magnoliopean. - Azaroak 28, larunbata. Autodefentsa feminista tailerra. Izena udaletxean ( 943-86 50 25) eman behar da. 10 euro da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide