Malen Etxerako arnas pixka bat

Izaskun Urbieta 2015eko azaroaren 13a

La Caixa fundazioko gizarte-ekintza planetik 2.000 euroko donazioa jaso du Malen etxeak

Malen Etxeakoek La Caixa Fundazioaren laguntza jaso dute (Izaskun Urbieta). Malen Etxea elkarteak Zestoan duen aterpetxeko gastuei aurre egiteko 2.000 euroko laguntza jaso du La Caixa Fundaziotik. Emakume immigranteen gizarteratze prozesuan laguntzea du helburu Malen Etxeak. 2003.urtean sortu zuten, eta ordutik hainbat emakumeren alde egin du lan; batik bat, bazterketaren, indarkeriaren eta ezberdintasunaren aurka eginez. La Caixa Fundazioaren donazioa aterpetxeari laguntzeko erabiliko dute. Josu Alkain Zumaiako La Caixako zuzendariak azaldu duenez, udaleko gizarte teknikariaren bidez ezagutu zuten Malen Etxearen proiektua. «La Caixako gizarte-ekintzak tokian tokiko proiektuetan laguntzeko diru partida batzuk ditu. Gure lehentasunak pobrezia, immigrazioa eta gizarte bazterketa, lan munduratzea, gaixotasunak eta abar dira. Malen Etxeko fundatzailea den Silvia Carrizorekin egon nintzen, Zestoako aterpetxeak zituen beharrez hitz egin zidan, eta gure lehentasunetan sartzen zela ikusita, gure laguntza eskaini nahi izan dugu». Mantenurako dirua Guztira, 2.000 euro eman dizkio La Caixak Malen Etxeari. Pozez hartu dute laguntza Malen etxeko ordezkariek. Isabel Venegas elkarteko diruzainaren eta Ileana Obando idazkariaren hitzetan, «oso garrantzisua da gure lanerako». Hala baieztatu du Silvia Carrizo Malen Etxea elkartearen sortzaileak ere. «Hainbat gasturi aurre egiteko lagunduko digu diru honek, eta era berean aterpetxearen funtzionamendua egokitzeko balioko digu». Etxea margotzeko erabiliko dute dirua, konponketa lanak egiteko eta falta diren etxetresna elektrikoak erosteko. «Aterpetxean dauden eta ahal duten emakumeek hilero 50 euro ordaintzen dute. Gainerakoan janari bankuei esker bizi dira, eta Zumaian Olagarro egunean jartzen dugun txosnari esker ateratzen dugun diruarekin egiten dugu aurrera», azaldu du Carrizok.
Zestoako aterpetxearen garrantzia Zestoan kokatuta dagoen aterpetxearen ateak 2012ko uztailean ireki zituzten. Ordutik,  48 emakume bizi izan dira bertan.  Guztira, sei lagunentzat du lekua, eta egun bi daude bertan. Alkainen esanetan, «baztertzeko arriskuan dauden emakume immigranteak babestea eta hauek gizarteratzen laguntzea dira aterpetxearen helburuak». Profil jakin bateko emakumeak bizi daitezke bertan. «Immigranteak izan behar dute, eta etxebizitza bat ordaindu ezin dutenak. Umeekin datozen emakumeek ezin dute bertan ostatu hartu, ezta alkoholismoa, depresioa, droga menpekotasuna edo genero indarkeria jasaten dutenek ere»,aipatu du Carrizok. Laster, josteko tailerra jarriko dute martxan aterpetxean. «Jendeak arropa asko ematen digu, eta hauek birziklatzea da gure nahia. Baserritarren arropak eta guzti egingo ditugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide