Pello Etxabe Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroko kidea (Izaskun Urbieta)
Gaurtik hasi eta azaroaren 18a bitartean, Zumaiako ondare industrialari buruzko erakusketa egongo da ikusgai Alondegian. ZIIZ-k (Zumaiako Industria Ondarearen Informazio Zentroa) antolatutako egitasmoa da. Elkarteko partaide den Pello Etxabek adierazi duenez, «azken bost urtetan egin den lanaren emaitzaren hurrengo pausoa da hau». Erakusketa gaur 18:30ean irekiko dute hitzaldi labur batekin.
Taldea sortu zutenetik, hainbat ekintza jarri dituzte martxan ZIIZ-ekoek. Hala nola, Zumaiako industriaren informazioa biltzen duen webgunea sortu dute, eta industrialde garrantzitsuenak egon ziren tokietan informazio panelak jarri dituzte. «Erakusketa gure lana azaltzeko beste bide bat da, eta gainera, tresna honen bidez beste jendea batengana iritsi nahi dugu. Horixe da asmoetako bat».
Azken arrastoei begira
Zumaiako industrializazioak zein prozesu eraman zuen laburtu dute Alondegiko erakusketan. «XIX. mende erdialdetik hasita, gaur egun arteko ibilbidea jorratu dugu, baina desagertuta dauden enpresak ardatz hartuta» azaldu du Etxabek. Lau sektore garrantzitsuetan antolatu dute lana: zementugintza, motorgintza, ontzigintza eta makina-erreminta eta bestelakoetan. Industria alor horiei buruzko azalpenak aurkituko ditu bisitariak, eta gainera dokumentuak egongo dira. «Dokumentu idatziekin, grafikoekin, argazkiekin, ikus-entzunezkoekin, materialekin, maketekin… osatu dugu erakusketa».
Lan hau egiteak askorako balio izan die. Alde batetik, Zumaiako historiaren parte handi bat berreskuratzeko. «Zumaian industriak garrantzi handia izan du, eta oraindik ere badauka. Nahiz eta kostako herria izan, arrantzatik bizi izan den jende askorik ez dago».
Beste alde batetik, garai batean inportanteak izan ziren enpresa guztiak suntsituta gelditu direla ikusita, ondasun hori berreskuratzea izan dute helburu. «Lan honek balio izan digu ikusteko zein ondare desegin diren, eta zein gelditzen diren gaur egun. Oraindik tente dagoen ondare fisiko apurra zaindu eta babesteko aldarrikapen bat egitea da gure nahia», nabarmendu du Etxabek.
Zehazki bi adibidetan zentratu dira erakusketa antolatzeko orduan: bata, Narrondon dagoen zementu fabrika bateko arrastoak dira. Bestea, Moilaberrian kokatuta dagoen Beheko Estazioa da. «Garaiko industrializazioan pieza garrantzitsua da».
Erakusketa 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita astean zehar. Asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.