Manuel Mugertza: "Itxura ederra du frontoiak"

Gorka Zabaleta 2015eko azaroaren 4a

Manuel eta Mikel Mugertza aita-semeak (Arnaitz Rubio Aprea) Hogeita bat urte egin zituen zesta-puntako pilotari profesional Manuel Mugertzak (Zumaia, 1935), haietako hamasei Ameriketako Estatu Batuetako frontoietan. 1975ekoa izan zuen azken denboraldia, «Franco hil zenean Orlandon nintzen, artean». Jokatzeari utzi zionean Zumaiara bueltatu eta Odieta pilotalekura eramaten zituen hiru semeak, zesta-puntan erakustera. «Han inguruan izaten ziren beste haur batzuk begira, probatzeko gogoz. Halako batean, guraso batzuk etorri zitzaizkidan, ea semeei erakutsiko ote nien. Horrela sortu zen Zumaiako eskola», azaldu du. 1980eko hamarkadako lehen urteak ziren. Eskola hartan ikasi zuten, besteak beste, Alberdi, Enbil, Goikoetxea eta Lopez txapeldun handiek, belaunaldi oparoa osatu duten beste hamaika pilotarirekin batera. Mugertzaren ondoren beste batzuek jarraitu zuten eskolarekin –Ulaziak, Adurriagak eta beste hainbatek–, baina denek aitortzen diote Mugertzari eskolaren aitatasuna. Zumaiako Aitzuri frontoia (Arnaitz Rubio Aprea) Odietako garaiak atzean gelditu dira, eta azken urtean frontoi berriko lanei begira daude herriko pilotariak eta pilotazaleak. Joan den ostiralean, eraikin berria barrutik ezagutzeko aukera izan zuten Manuel eta Mikel Mugertza aita-semeek, Gorka Arregi udal arkitektoaren eskutik. Fatxadako lanak bezala, barrualdekoak ere nahikoa aurreratuta daude –oraindik kanpoaldea hiritartzeko lanak falta dira eta ez dago inauguraziorako datarik–. Harrerako eta korridore nagusiko horma guztiak egurrez daude estalita; komunak eta aldagelak prest daude; frontisa eta ezker paretak beltzez pintatu dituzte, eta inguruko babesak eta eserlekuak gorri kolorekoak jarri dituzte; izena ere idatzita dauka jadanik, erdi-erdian: Aitzuri, Zumaia. Kantxako zorua leuntzen ari dira egunotan, eta kontrakantxako egurra jartzea falta da oraindik. «Itxura ederra du frontoiak; hemen ez dago gaizki jokatzeko aitzakiarik», esan du Manuel Mugertzak. Frontisari albotik begira dago Mikel semea: «Zuzen-zuzen dago, lan ona egin dute; frontisa oker duen frontoiak ere ezagutzen ditugu eta». Hiru Mugertza semeak ere puntista profesionalak izan ziren. Bisitalditik gustura atera dira mugertzatarrak, pilotari belaunaldi berri baterako azpiegitura ona delakoan. Zesta-puntaren etorkizunaz, baina, ez dira hain baikor. «Ameriketan, behintzat, ez du etorkizunik. Izatekotan hemen izango du, Euskal Herrian. Baina lan asko dago egiteko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide