Euria egiten duenerako, estalitako pista bat nahi dute. (Izaskun Urbieta)
Larunbatean 1o:00etan hasita Zumaiako I. Skate Eguna ospatuko dute futbol zelaiaren atzean kokatuta dagoen skate pistan. «Skate-a ezagutzea da gure lehenengo helburuetako bat, eta bide batez, festa honekin skate parkearen egoera hobetzeko nahia azaldu nahi dugu», kontatu dute Oskar Blanco eta Mikel Mugertza skater edo irristatzaileek.
Hamar bat urte dira skate parkea futbol zelaiaren atzeko aldean ireki zutela. «Pista hauek jartzea lorpen handia izan zen, baina orain, gure mailarako behintzat, txiki geratu dira. Eta gainera, ez daude egoera onean», azaldu dute. «Iraganean guretzako zerbait lortu nahi izan zuten hainbat pertsonak, eta orain, gure gazteentzat zerbait hobea egin nahi dugu geuk ere; batez ere, estalitako pista eder bat», aipatu dute.
Kluba sortu dute
Beren asmoak gauzatzeko, duela hilabete inguru udalarekin harremanetan jarri ziren. «Momentuz, lortu dugu frontoi berriaren ondoko terreno batean skate parke berria jartzeko proposamenaren inguruan hitz egitea. Gauza hauek luze joaten dira, eta ikusiko dugu. Dena den, beraien aholkuei jarraituz, kluba sortzera animatu gara. Inbert izeneko skate taldea izango gara hemendik aurrera».
Herritar guztiek ateak zabalik dituztela azaldu dute: «Skate-a atsegin duten herritar guztiek, noizbait praktikatu dutenek, seme-alabei erakutsi nahi dietenek… denentzat irekita gaude».
Kirol hau praktikatzea denen eskura egotea nahi lukete. «Ez dugu luxuzko kirol bat izatea nahi, eskubide bat baizik. Gure bizitzeko estiloa da. Ez da soilik kirol bat, mugimendu kultural bat da, eta guztiei zabaldu nahi dizkiegu ateak». Materiala izaten da askotan skate-a ez praktikatzearen arrazoietako bat. «Garestia izaten da, eta guraso batzuek ezin diote horri aurre egin. Horregatik, material zaharra berreskuratu eta birziklatu nahi dugu, umeentzat eskuragarri izateko. Hala, probatzeko aukera izango dute, eta benetan gustatzen bazaie, erosiko dute», jakinarazi dute. «Gazteek beste kirolez gain mundu hau ere ezagutzea lortu nahi dugu. Beraz, behin kluba osatutakoan, kurtsoak ematea da gure nahia». Festa handia egingo dute bihar, eta mozorrotzea izango da parte hartzeko baldintza bakarra.