Nor baino nor harriari tiraka

Izaskun Urbieta 2015eko urriaren 27a

Zumaiako arraunlariek eta Itziarko Andutz taldeak giza proba jokatuko dute igande honetan Itziarko plazan

Unai Gomez eta Jagoba Uranga (Izaskun Urbieta). Zumaiako arraunlariak eta Itziarko Andutz giza proba taldekoak azken ukituak ematen ari dira igandeko egun handiari begira. Erronkarako erabiliko duten harria Itziarko plazako izkin batean kokatuta dago. «Harriari lotuta dagoen burdinaren zati bat etenda zegoen, eta konpontzen ibili gara», jakinarazi du Unai Gomez Itziarko taldeko kideak. Hain zuzen, lan horretan harrapatu du egunkari honek itziartarra. Berehala etorri da desafioko beste protagonistetako bat: Jagoba Uranga itziartarra. «Itziartarra naiz, bai, baina Zumaiako arraunlariekin jokatuko dut lehia», azaldu du. Aspaldiko ezagunak dira biak. «Iaz talde honetan ibili nintzen tiraka», aitortu du Urangak. Gomez bera ere arraunean ibilitakoa da. «Bi taldeak gara ezagunak. Arraunean ibilitako batzuek giza proba egiten dute orain, eta alderantziz», aipatu dute biek. Desafioaren ideia otsailean sortu zen. «Giza probako taldeak afari bat egin zuen, eta orduan atera zen gaia. Ni Itziarko taldea utzita nengoen, eta arraunean hasita. Segituan esan genuen baietz», esan du Urangak. «Bi taldeon denboraldia amaitutakoan hitz egitekotan geratu ginen, eta tira, azaroaren 1eko azokaren eguna aukeratzea erabaki genuen», zehaztu du Gomezek. Denboraldi bikaina biek «Baiezkoa eman genuenean, entrenatzeko denbora gehiago izango genuela pentsatzen genuen», aitortu du Urangak. Izan ere, Zumaiako arraunlariek TKE Ligara igotzea lortu zuten iraila amaieran, eta horrek erronka hau prestatzeko denbora kendu die. «Otsailean ez zuen inork pentsatzen mailaz igoko ginenik, eta begira nola diren gauzak». Denboraldia bukatuta, arraunlari askok oporrak hartu dituzte. Beraz, azken hiru aste hauetan hasi dira prestatzen erronka. Itziarko taldeak, bere aldetik,  Gipuzkoako txapeldun izatea lortu zuen uztailean. Gustura daude lortutakoarekin, baina hurrengo urteko txapelketari begira ez dakite zer gertatuko den. «Urte hasieran egiten dira bilerak herri kiroletako federazioan, eta izena ematen duten taldeen arabera antolatzen da txapelketa. Aurten lau talde izan gara, eta gutxienez hiru behar dira. Ikusiko dugu zer gertatzen den», esan du Gomezek. «Bi taldeok denboraldiko helburuak beteta gatoz zita honetara, moralki oso altu eta dena emateko prest. Ikuskizun ederra izateko osagai guztiak ditu», adierazi du Urangak. Ohorea jokoan Lehia igande honetan izango da, 18:30ean, Itziarko plazan. «900 kiloko harria hartuta, 20 minututan zeinek plaza gehiago egin da erronka», aipatu du Urangak. Talde bakoitza zortzi kirolariz osatuta ariko da, eta guztien artean 660 kilo pisatu beharko dituzte gehienez. «Pasatzen garen kilo bakoitzeko, bi kilo gainkarga hartuko ditugu», esan du Gomezek. Lehia paretsua aurreikusten dute biek. «Irabazten duenak plaza gutxigatik irabaziko duelakoan nago», jarraitu du Gomezek. Sarrera doakoa izango da, eta ahalik eta jende gehien gerturatzea gustatuko litzaieke biei. Lehia bukatutakoan izara pasako dute, bakoitzak nahi duen eskupekoa botatzeko. «Hor ateratzen den dirua irabazlearentzat izango da, baina hori baino gauza inportanteagoa dugu jokoan: ohorea», esan dute biek. Jende askoren ahotan omen dabil erronkaren gaia, biek azaldu dutenez. «Batzuk esaten dute arraunlariek erraz irabaziko dutela, eta beste batzuek, berriz, giza probako taldeak», aipatu du Urangak. «Nik uste dut beraiek dutela presio gehien», gaineratu du. «Egia da etxean jokatzeak, aurkariak ezagutzeak eta txapeldunak izateak presioa areagotzen duela», aitortu du Gomezek. Dena erabakitzeko dago, beraz, igandeko erronkan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide