Zumaiako Udalak San Juan egoitzaren ondoko etxea eskaini du errefuxiatuentzat (Juan Luis Romatet9
«Siriako gatazka ez da berria. Badira bost urte gerran sartuta daudela, eta bertan gerra bat baino gehiago daude», azaldu du SOS Arrazakeria elkarteko partaide Agustin Unzurrunzagak. Gerra zibil bat gobernuaren aurka, sunita eta xiiten gerra... Azkenaldian errefuxiatuen gaia puri-purian dago nazioarteko herrialdeetan, eta hauen etorreraren aldeko eta kontrako iritziak daude.
Errefuxiatu gehienak siriarrak dira. 11 milioi desplazatu dira gutxi gorabehera, eta horietatik 4,5 milioi herrialdetik kanpo daude. 1,2 milioi Turkian daude, eta beste horrenbeste Libanon. «Hango populazioaren herena osatzen dute siriarrek», aipatu du Unzurrunzagak.
Zergatik eskatzen dute, baina, asiloa? «Gerraren jarraipena ekidiezina da, eta horren aurrean etsita daude», azaldu du. Gainera, gazte asko behartuta daude gerran parte hartzera, eta horregatik ihes egiten dute. «Laguntza humanitarioa ere murriztu egin da», jarraitu du.
Errefuxiatuen %51 emakumeak dira. Gehienek Alemanian eskatu dute asilo politikoa, eta ondoren Frantzian, Italian... «Espainian pertsona gutxik eskatu dute, eta Estatuaren politika gai honen inguruan ere hutsaren hurrengoa da», aipatu du SOS Arrazakeria elkarteko kideak. Europak gai honen aurrean duen jarrera ere kontraesankorra da. «Babesa eman nahi dute, baina muga batzuk ezarrita. Laguntzeko gogoa ikusten zaie, baina beldurra ere bai», esan du Unzurrunzagak. Hain zuzen, Europako Batasunak urriaren 7tik martxan du Sofia operazioa: «Libiatik ateratzen diren barkuei ez die Europan sartzen uzten. Errefuxiatuak hemendik kanpo geratzea nahi dute, muga ez pasatzea», jarraitu du.
Errefuxiatuen kanpalekuak Turkia eta Jordania bezalako herrialdeetan kokatuta daude. «Europa herrialde hauekin negoziatzen ari da. Diru laguntzak ematen dizkie errefuxiatuak bertatik atera ez daitezen».
Udalak etxe bat eskaini du
Zalantza eta informazio gutxirekin aurkitzen dira momentu honetan instituzioak. Eta Gerar Carrer SOS Arrazakeria elkarteko partaideak azaldu duenez, «Gurutze Gorria eta CEAR bezalako elkarteekin ari dira elkarlanean erakundeak. Azken finean, elkarte hauek dira gai hau beren gain hartzen ari direnak». Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea da CEAR.
Gurera etorrita, urriaren 3an Gipuzkoako Foru Aldundiak bilera ireki batera deitu zuen, eta 110 familia boluntario agertu ziren bertara. «Familien papera da laguntza ematea, ez errefuxiatuak etxean hartzea», zehaztu dute. Hiru faseetan banatu dute familien lana. Lehen fasean harrera egiten zaie errefuxiatuei, bigarrenean integrazioa lantzen da, eta hirugarrengoan jarraipena egiten zaie.
Zumaiako Udala ere lanean ari da errefuxituen harreran laguntzeko, Eudel Euskadiko udal elkartearen bitartez. Pili Alberdi Zumaiako gizarte teknikariaren esanetan, «herri bakoitzak dituen baliabideen inguruko inbentario bat egiten ari da Eudel, eta momentuz lan horretan daude murgilduta». Zentzu horretan, Zumaiako Udalak, bere aldetik, San Juan adinekoen egoitzaren ondoan dagoen etxea eskaini du. Besteak beste bost logela bikoitz, sukaldea eta komuna ditu etxe horrek.
Harrera taldea sortzen
Bestetik, Zumaian harrera talde bat sortzeko lehen pausoak ematen hasiak dira hainbat herritar. «Gure asmoa herritar sare bat osatzea da», aipatu dute talde horretako antolatzaileek.
Lehen bilera bat egin zuten aurreko astean, eta gustura dira egitasmoak jasotako harrerarekin. «Ez genekien nolako harrera izango zuen, nolako jendea etorriko zen eta, adinari begiratuz, denetarik etorri zela esan daiteke», aipatu dute.
Hurrengo bilera urriaren 27an egingo dute, datorren asteartean, eta bertan datu base bat osatzen hasiko dira. «Bakoitzak bere fitxan jarriko du nola lagundu dezakeen. Gauza txikiak izan daitezke. Itzultzaile lanak egiteko prest dagoen pertsona bat, etxeko lanak egiten lagunduko duena... Etorriko direnak herrira gerturatzea da kontua, herrian integratuak sentitzea», nabarmendu dute. Oraindik ez dakite errefuxiaturik etorriko den ala ez, ezta etor daitezkeen horiek zein ezaugarri izango dituzten ere. «Lortu nahi duguna da sentsibilizazio pixka bat egitea. Herrian horrelako mugimengu bat izatea aberasgarria dela iruditzen zaigu», aipatu dute.