Onddo eta perretxikoak hasi dira agertzen dagoeneko inguruko zelai eta basoetan. (Jaime Olaizola)
Zuhaitzetako hostoak kolore gorri, hori, marroi eta moreak hartzen hasten direnean sortzen dira inguruko baso eta larreetan sukaldeetan hain preziatuak diren onddoak. Hain zuzen, datorren astebururako hainbat zeregin antolatu dituzte onddoak ardatz hartuta Zestoako Arroabean eta Zumaian.
Arroabean Ederki elkartea aritu da antolatze lanetan, Zestoako Udalaren laguntzaz.
Larunbateko mendi irteeran, adibidez, mota guztietako onddo eta perretxikoak jasoko dituzte gero erakusgai jartzeko: pozoitsuak, elikadura aldetik baliorik ez dutenak eta jangarriak direnak. Hala ere, egoera onean daudenak soilik hartuko dituzte Ederki elkartera eramateko. Gero, elkartean bertan aukeratu, garbitu eta sailkatuko dituzte. Afaria ere egingo dute jangarriekin, eta horretarako izena eman behar da Lurdesenea, Txomin taberna edo Keixa fruta dendan. Beste aukera da,
ederki.eus-en izena ematea. Menua 25 eurokoa da, eta lau platerek osatzen dute: ziza horien kremak, boletusdun rapeak, euskal txerri azpizunak basoko onddoekin, eta banilla izozkiak.
Zestoa (Arroabea)
Ostirala, Urriak 16
Goizean. Eskolako haurren eskutik landaketa tailerra.
19:30ean. Jose Maria Larrañaga adituaren eskutik mikologiaren inguruko solasaldia eta asteburuko ekintzen azalpena Ederki elkartean.
Larunbata, Urriak 17
Goizean eta eguerdian. Mendi irteera perretxiko eta onddoak batzera.
17:00etan. Txokolatada Arroabeko frontoian.
21:30ean. Udazkeneko produktu eta onddo zein perretxikoekin egindako afari herrikoia Ederki elkartean.
Igandea, Urriak 18
11:00-14:30. Aurreko egunetan bildutako onddo eta perretxikoen, zein eskolako haurrek margotutako irudien erakusketa frontoian.
Zumaia
Gaur, urriak 14
19:30ean. Bioaniztasunaren garrantzia hitzaldia, Oxford aretoan. Hizlariak: Aitziber Sarobe Arkamurka natur elkarteko kidea eta Aitor Leitza Zumaiako natur taldeko kidea.
Bihar, urriak 15
19:30etik 21:30era. Perretxikoekin egindako pintxo potea. Trikitilariek alaitua.
Larunbata, urriak 17
08:30ean. Perretxikoak biltzeko irteera Udaltzaingo aurretik. Sailkapena eta erakusketaren prestaketa arratsaldean.
Igandea, urriak 18
11:00-14:00 / 16:30-19:00. Perretxikoen erakusketa Oxforden.