Asier Cuevas eta Ilunpe elkartea omenduz hasiko dute garagardo festa

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko urriaren 9a

Gaur hasita, bost egunez egongo da garagardo azoka Azpeitian, asteburu honetan eta hurrengoan. Zumaiako tabernetan ere garagardoaren inguruan jaia egingo dute gaur, bihar eta etzi.

Ohitura bihurtu da dagoeneko Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako garagardo azokan herriko kirolariak omentzea. Gaur, Ilunpe pilota elkarteari eta Asier Cuevas korrikalariari egingo diete aitorpena, 20:00etan, jaiaren hasiera ekitaldian. Ilunpe pilota elkarteak Euskal Herriko azken Herriarteko Txapelketa irabazi du, eta duela aste gutxi Asier Cuevasek bigarren egin du 100 kilometroko Munduko Txapelketan. Haien ostean, Iraurgi klubeko 2015-2016 denboraldiko taldeen aurkezpenak egingo dituzte Azoka Plazan. Gaur ireki, eta bost egunez izango dute zabalik garagardo azoka; asteburu honetan eta hurrengoan. Hamaika ekitaldi eta beste horrenbeste garagardo mota egongo dira Azoka Plaza barruan. Iraurgi saskibaloi taldeak asteak daramatza azoka antolatzen, eta gaur-gaurkoz kolaboratzaileak behar dituzte barran eta sukaldean laguntzeko. Laguntzeko prest dauden herritarrek 662-31 31 46 edo 640-53 70 14 telefonoetara dei dezakete. Gainontzeko urteetan bezala, aurten ere mus txapelketa azkarra jokatuko dute Azoka Plazan. Hilaren 17an da, 16:00etan hasita. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte jokalariek parte hartzeko. Bikote txapeldunak bildutako diruaren %40, txapela eta bi lagunentzako afaria irabaziko ditu. Bigarrenak, bildutako diruaren %30 eta bi lagunentzako afaria. Hirugarrenak, berriz, bildutako diruaren %20 eta bi lagunentzat afaria eskuratuko ditu, eta laugarrenak diruaren %10 eta afaria.

Zumaian ere garagardoa

Azpeitian ez ezik, Zumaian ere izango da edaria dastatzeko aukera. Gaur hasi, eta astelehena bitartean, garagardo bereziak eskainiko dituzte Zumaiako tabernetan, eta opariak zozkatuko dituzte. Gainera, girotzeko musika ere jarriko dute. Honako tabernek parte hartuko dute egitasmoan: Gure Txokoa, Idoia, Itzurun, Kalari, Kresala, Trapaia, Tximista eta Zalla.

Egitaraua

Gaur

20:00. Irekiera eta aurkezpenak. 23:00. Azkaiter Pelox taldea.

Bihar

16:30. Puzgarriak. 23:00. DJ Elortxaren emanaldia.

Etzi

16:30. Puzgarriak. 23:00. Ingo al deu? taldea.

Urriak 16, ostirala

19:30. Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoen emanaldia 23:00. Laket-en kontzertua.

Urriak 17, larunbata

16:00. Mus txapelketa azkarra. 23:00. Erokomeri taldearekin erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide