Zumaiako Zakila Biran 500 korrikalari inguru espero dituzte

Baleike.Eus 2015eko urriaren 2a

Bihar, larunbata da proba Zumaian, 17:00etan irtenda

Bihar, larunbata, jokatuko da Zumaiako XIX. Zakila Bira, 17:00etan Erribera kaletik irtenda. 20 kilometroko lasterketa da. Antolatzaileek 500 lasterkari inguru espero dituzte. Aurreneko kilometroak herrian bertan egingo dituzte parte hartzaileek. Erribera kalean hasi eta Paoleko bidea hartuko du ondoren, Juan Belmonte kalea zeharkatuz, Erribera kalea iritsiko dira berriro. Axular ibiltokitik aurrera herrigunea atzean utziko dute korrikalariek. Lasterketak Arroatik barrena jarraituko du, Iraetatik, Aizarnabaletik eta Oikiatik pasatuz, Zumaian bukatuz proba. 16 urtetik aurrerakoek eman dezakete izena, eta lasterketa bukatzeko 2 ordu eta 15 minutu izango dituzte gehienez. Zakila Birako orain arteko marka Iratxe Aranburu zarauztarrak dauka: 2003. urtean 01:13:09ko denboran egin zuen. Gizonezkoetan Jon Salvador bilbotarrak 01:04:14an jarrita du probako marka. Dortsalak itsas kiroldegian Parte hartzaileek itsas kiroldegian hartu beharko dituzte dortsalak, eta bertan arropa uzteko aukera ere izango dute, baita dutxa hartzeko modua ere. Autoa uzteko tokia tren geltokiaren inguruan eskainiko dute. Aurten, berrikuntza modura, zumba saioa egongo da 17:15etik 18:00etara Erribera kalean, Alondegiaren parean. Edonork hartu dezake parte horretan, baina aurretik izena eman behar da Lubaki kiroldegian (943-862021). Boluntarioei eskerrak Antolatzaileek gogoratu nahi dute egun horretan lanean hainbat boluntario ibiliko dela, hainbat norbanakoz gainera, tartean Zumea elkartea, Itxas Gain taldea eta Bikers Urola Kostako motorzaleak. Azken hauek beraien motorrekin korrikalarien gidari lanak egiten dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide